Avignon, Abandoibarra eta Deustuko Kanala

Erabiltzailearen aurpegia _Galder Unzalu Etxabe 2014ko mar. 20a, 09:21

Avignongo Foruma ospatu da egunotan Alondegian. “Hiria Ekosistema gisa” aztertzea izan dute helburu diziplina anitzetatik helduta gaiari. Europa mailan hirien gainean hausnartzeko lehen lerrokoa den Foruma Bilbora etortzeak erakusten du, lehengo eguneko Guggenheimen ospatutako Global Foruma-k bezala, nola Bilbo jada mundu mailako marka eztabaidaezina den.

Nazioarteko fluxu eta sareetan kokatutako hiria da gurea, marka osatua dago eta orain irudi hori zaindu eta kudeatzea omen da hiriari dagokiona. Avignongo Forumaren leloak proposaturikoari jarraituz baina, galdera batzuk egitea zilegi zaigu. Izan ere, arrakasta erabateko lez aurkezten zaigu Bilbok azken bi hamarkadetan bizitako hiri-eraldaketa. Ia-ia ezinbestean eta alternatibarik gabe emandako hiri-eraldaketa lez goratzen zaigu hainbat eragile eta ahotsetatik (ez soilik erakunde publikoetatik, baita eragile ekonomiko eta sozial askoren aldetik ere).

Nolanahi, Ibaizabalen berreskurapena (bai kutsadurari bai ibaiertzei dagokionez) eta Metroaren agerpena mugarri diren era berean, badira eraldaketa honen gainean planteagarri diren zalantzak. Horietan nagusi hurrengoa: Guggenheim-a ikur duen hiri-eraldaketa eredu honek (Abandoibarra osoan bere erakusleihorik nabarmenena duena, Alondegiaren - Alhóndiga gaztelera hutsezkoa marka duena- azken ekarpen izarrarekin) ez al zeukan beste alternatibarik? Apustu horretan egindako inbertsio guztiak bestelako bide batean ezarri balira ez ote zen ere hiriaren eta hiritarren etorkizunerako onuragarri eta epe luzerako emankor izango? Turismoaren eta etorriko omen den turistaren / festibalaren / kongresuaren / forumaren zain egote honek ez ote du gutxienez zalantzazkoa egiten hiri-eredu honen etorkizuna?

“Eta zein beste alternatiba egon zitekeen adibidez Abandoibarran ontziolen ondotik hutsik geratutako eremu guztiekin hiriari ekarpen sendo eta indartsua egiteko?” galdetzea dator jarraian. Bat baino gehiago egongo dira, ziurrenik. Nik bat ekarriko dut plazara: EHUko hainbat fakultate bertan kokatzea adibidez. Leioatik hartu eta bertan kokatu. Milaka ikasle eta irakasle hiriaren bihotzean kokatu, hiria gaztetu, ezagutzaz, eztabaidaz, ikerketaz eta freskotasunez bete. Eragin biderkatzaileko hiri-eraldaketa. Milaka eta milaka kotxe eta autobus ordu aurreztearekin batera (egunotan ikusi dezakegunez, arazo larria dena), Bilboren kultur bizitza etorkizunerako era emankorrean baldintzatuz. Zer esanik ez, milaka euskal hiztunen eguneroko ekarpena hiriaren erdigunean kokatuz (gaur egun hautatu den hiri-ereduak hizkuntza eraginak baititu, eta beste edozeinek ere izango bailituzke). Eta ekonomikoki kontaezinezko eraginak sortuz hiriaren bihotzen. Gaur egunekoaz bestelako erakargarritasun iraunkorra atxikituz sortzeke legokeen hiri-marka berriari. Eraldaketa unibertsitario horrekin batera, zergatik ez, gaur egun Abandoibarran aurkitzen ditugun azpiegitura pribatu eta kostupekoen lekuan guztientzat irekitako espazioak edo bestelako azpiegitura publikoak kokatu ahalko liratekeen (liburutegi, eskola eta akademia askotarikoak, esparru libreak..), nolabait kulturari eta unibertsitateari lotutako esparru handi bat eratuz eta hiria bestelako izaera gazte bati lotzeko bidean ezarriz.

Bilboren gaur eguneko emaitza ekoizpen urbanistiko-kultural-ekonomikoa da, indar-harreman askoren emaitza. Nolanahi ez da izan zitekeen bakarra, eta daukagun “hiri ekosistema” honen hirigintza burmuinak Guggenheim eta gaur egun dugun Abandoibarra planifikatzerakoan (eta atzetik etorri diren hainbat eraldaketa, kasu Alondegiarena) hautaketa zehatza egin zuen. Aukeraketa horrekin bestelako planifikazioak, agian etorkizun luzeago eta aberatsagokoak alboratuz, nabarmenki hiri-unibertsitarioaren eta bere zentraltasunaren aldeko apustua bazterretsiz.

Alternatibetaz ari garela, Avignongo Forumak hiri-ibilbideak antolatu ditu Guggenheimera, Zorrotzaurrera (Deustuibarrara eta San Inazio-Elorrietara joan ziren eta ez Zorrotzaurrera, izena aldatu nahi zaion arren) eta Bilbo Zaharrarera. Gertatu den eta gertatzeke dagoen hiri-eraldaketaren dohainak goretsiko zituztela pentsatzekoa da hiri-ibilbideotan (horrela aurkeztu zen programan). Beste bisiten artean, herritarrok hertsirik eta zapaldu ezin ditugun Kanaleko San Inazioko ertzak bisitatu zituzten Avignongo Forumeko ibilbidean, Forumeko web orrian eskegitako argazkietan ikusi daitekeenez.

eraldaketan burutu ez ziren alternatibetaz ez zutela hitz egin pentsatzekoa den bezala, pentsatzekoa da ere adibidez ez zutela aipatuko nola Deustuko Kanalean aurreikusita dagoen irekierak baduela alternatiba logiko, merke, ekologiko eta aberatsagorik. Uholde arriskua saihesteko argudio konfirmatu gabearekin (kontrastatu al da ikerketa bat baino gehiagorekin? dragak bukatu izanak dakarren eragina aztertu al da?), eta jakinik irekiera benetan larriak liratekeen uriola handietarako ez dela inolako soluzio baliagarria, alternatibarik gabeko obra izartzat aurkezten zaigu Kanalaren Irekiera. Laster hastekoa da obra, eta ondorioen artean urertzeko parke ederra izango liratekeen 24.000 m2 ur-azpian utziko ditu. Deustuibarra betiko isolatuko du Deustuko lurretatik eta 50. hamarkadan portuko lanetarako irekitako Kanala zegoenera berreskuratzeko aukera asko zailduko du (kanala irekita ere Holandan edo Alemanian erabiltzen diren uhate mugikorren bitartez erabilera publikoetarako berreskuratu ahalko litzateke aurrerago ere horrela nahi izan ezkero), Deustuko lurren ehuneko garrantzitsu bat urazpiratuz, horretarako argudio benetan sendorik ez dagoenean eta irekiera ekarri zuten portuko lanak betiko bukatuak daudenean. A zer nolako parke ederra (baratza publikoekin, zelai zabalekin, kirol azpiegitura anitzekin..) diseinatu ahalko litzatekeen kanala ireki ez, orain dagoen kanalaren zati handi bat berriz lehengoratu eta ur-emari estu baten inguruan (gaur eguneko 80 metroko zabalera adibidez 15 metrora estutuz) Bilboko parkerik handiena sortuz! Orduan bai europartuko ginatekeela, Munich, Londres edo Berlinen mailara, Europako hirietako parkeen lehen lerrora!

Pentsatzekoa da Avignoneko Forumak Deustuibarran egin zuen ibilbidean ez zutela Kanala ez irekitzearen abantailarik aipatu. Agian aipatuko zen hiri-eraldaketa osoan hiritarron parte-hartzeari, ideiak trukatzeari eta prozesu zabalak irekitzeari zein balio gutxi eman zaion, zein indar gutxi jarri den guzti horretan, zein urruti gauden munduko lehen mailatik arlo guzti horietan.

Ekosistema lez bezala, gorputza gisa ere hartu dezakegu hiria. Eta gurean ibaia da bihotza eta hiritarrok haragia. Eta gorputzak arnasa behar duen bezala, ibaiari urertzetan lekua utzi behar zaio, eta ahalik eta esparru libre gehien zabaldu bere inguruetan, lasai egin dezan taupaka bere ohatzetik ateratzen denean. Eta aldi berean haragi garenok bere magaletan aukera askeak izan ditzagun berarekin harremanetan sartzeko. Buruak nolanahi Manhattan du gogoan. Eta Manhattan ez doa norabide honetan, nahiz eta bere horretan, Manhattan itsasoz bestaldeko amets hutsa baino ez den. Ametsen elkarrizketa beharko lukeen hirigintza, amets instituzionalen bakarrizketa da Bilbon. Haragiari jaramon ez badio egiten buruak, egin biezaio gutxienez bihotzaren taupadei.