Memorian iltzaturik dugun hondamendi hartatik salbatuko gaituen herri-lan bikaina. Horrela irakurri dugu nola adibidez "100 urteko epean gertatu litezkeen uholdeei dagokienez, estimatutako kalteak %67,42 murriztuko lirateke (241,34 milioi eurotik 78,62 milioi eurotara), betiere estimaziorik kontserbadoreenaren arabera", zulatze erraldoia eta uharte bihurtzeari esker.
Hondamendiaren oihartzunak eta Bilbo berriaren lilurak, biek bat eginik ez dute kontrakorik. Kalean ia ez dago ezezko iritzirik, kontsentsua nonahi. “Nola ez da Kanala irekitzea beharrezkoa izango? Zeren alde zaude, Bilbo urpean gelditzearen alde, orain dela 30 urte bezalaxe? Nola egingo diogu kontra mendeko herri-lanari, azken urteotan Bilbon egin diren obra guztiek hiria hain polita utzi badigute? Ez al duzu oroitzen zein itsusia zen Ibaizabal eta bere ibilbide guztia, eta nola dagoen orain? Ez al dituzu piraguak uretan gustuko? Ez al duzu irakurri urak behera metro bat egingo duela? Zer nahi duzu, uraren ispilu joko eta disdiraren ordez, Kanala bete eta 20 pisuko etxe-orratzak eraikitzea?"
Eta horrela denok ados, Bilbo gero eta politago dago eta behar diren informe teknikoak egonda, justifikaezina da ezetza.
Eta bat-batean, ezerezetik bezala, honakoa irakurtzen duzu "Ibaiak lekua eskatzen du; lur horien jabea dela erakusten du“. Eta apur bat sartu irakurketan, eta jarraian honako galderari "Ibaietan obra asko egin izan dira iragan hamarkadetan uholdeen beldur. Zein neurritan izan ziren gehiegikeriak lan klase horiek guztiak?", erantzun potoloa irakurtzen diozu Leandro del Moral Giza Geografian katedradunari:
“Gehiegikeriak egin ziren; horretan ez dago zalantzarik. Ikerketa askok erakusten dute obra horiek segurtasun sentipen faltsua ekarri dutela. Lan asko egin ziren, esaterako, ibaiak kanalizatzeko: ibaien bideak zuzendu, hormigoiz bete eta, hartara, ibaien abiadura bizkortzea lortu zen, altuera gutxiago har dezan urak, eta hartara, uholde arriskua murrizteko. Zenbait kasutan ezinbestekoak izan dira horrelakoak. Baina inertzia horri lotuta, toki berri askotan eraikitzen jarraitzeko ere erabili dira sarritan obra horiek.. Eta garbi izan behar da ibaiak lekua eskatzen duela; lehenago edo geroago, lur horien jabea bera dela erakutsiko duela. Horregatik, herrialderik aurreratuenetan, eta alorrean tradizio handiena dutenetan - esaterako, Herbehereetan - defendatzen dute ibaiei beren lekua eman behar zaiela eta gero malgutasuna izan behar dela hondamenak badatoz, aurre egiteko. Epe luzera, seguruena horixe da. Hondamenak etortzea ezingo da inoiz erabat saihestu; beti gerta daiteke ordura arte parekorik izan ez duen tamainako hondamendi bat, batez ere egun, klima aldaketaren arriskuekin muturreko fenomenoak ugaritzen ari baitira”.
Eta hori irakurrita galderak datozkizu berriz ere. Deustuko Kanala irekitzeko lanak hasi zireneko argazkiak ikusita, areagotu egiten zaizkizunak (Txema Luzuriagaren artxiboko argazkiak hirurak):
1.954ko argazkia. Txema Luzuriaga.
1.956ko argazkia. Txema Luzuriaga.
1.966ko argazkia. Txema Luzuriaga.
Izan ere, ez dirudi bat datozenik Leandro del Moral katedradunak azaltzen duen Herbehereetako norabidea eta Kanala irekitzea. Mendeko herri-lana egitekotan, ez ote zen kontrakoa izan beharko? Hots, Deustuko Kanalaren eraikuntzarekin gertatutako hondamendian atzera egitea (portuaren leku beharrak eragin zuen Kanalaren irekitzea, orain ez dago inola ere horren justifikazio zuzenik, indartsurik, eztabaidaezinik, uharte bihurtzea argudiatzeko), eremu guzti hori lehengoratzea, eta ia 3 kilometro luze urertzeko espazio libre bihurtzea ez ote zen izango benetan epe luzerako herri-lan estrategikoa, hiriaren etorkizuna markatuko zuena, hemendik hamarkada batzuetara herritarren beharrei eta ibaiak eta urak bere lekua hartzeko duten saihestezineko joerari erantzuteko baliabide espazial eta naturala? Ez ote zen hori izango Leandro del Moralek aipatzen dituen "urari bere lekua ematea" eta "malgutasuna"?
Hiriaren eraldaketarekiko lilurarekin batera, uholdeak dira argudio nagusi. Eta haiekiko beldurra. Ibaiaren urertzeen diseinuan herritarren eta ibaiaren arteko elkarrizketa zuzena ukatzen laguntzen duen beldur berbera. Nola ez gogoratu, beldur kroniko hori apur bat gaindituz, hesirik gabe zegoen Euskalduna Jauregi pareko urertza, jendeak bertan eserita uraren gainean patxadaz egoteko profitatzen zuena. Une zehatz batean, "inor uretara jauztearen arrisku bizia" zela medio, hesitu egin zena eta orain hainbeste faltan botatzen duguna. Europa iparralderantz joan beharrean, hegoalderantz begiratuta, Sevillan adibidez baditugu hesirik gabeko urertzak. Hor antza inor amiltzeko arriskurik ez.
Belarra uretaraino Sevillan, porlanik gabe tartean. Bilbon ez dugu inon halakorik aurkitzen, eta ez du ematen etorkizunerako aurrikusten denik.
Euskalduna Jauregiaren parean bazen Sevillako hau bezalako zati libre bat, orain dela urte batzuk hesitu zen arte.
Uholdeak argudio. Argudio moldagarria nolanahi. Diskurtso instituzionalean bertan, gauzak ez dira komunikabideetan berdin esaten orain eta orain dela hilabete batzuk. Ura jaitsiko zela, bai, baina azalpenetan irekierarekin uraren nibelaren jaitsiera zein auzotaraino helduko litzatekeen ez da nabarmenegi esan. Behin obra hastear dagoenean, nolabait ez dago problemarik onartzeko eragina Campo Volantineraino helduko dela. Lehen ozenegi esaten ez zena hain zuzen. Hori dragarik ez egoteak dakarren ibaiaren ohearen murriztearekin lotzen badugu, zein da Kanala irekitzearen benetako emaitza? Justifikatzen da Deustuko lurrei beste horzkada erraldoi bat, Deustuko Erribera betiko urruntzea, naturari beste zartako bat, justifikatzen da orain dela bost hamarkada Kanalak jandako lurren berreskurapenari uko egitea?
Behin Kanala irekiko balute, oraindik ere badago Herbehereetatik ikasi dezakegun beste ikasgai bat. Urate bat ezarri hasieran eta hiru kilometroko espazio erraldoia erabili, espazio libre bezala, hainbat eta hainbat aukera sortuz. Potentzialitate izugarria herritarrentzat, aisialdirako, baratzetarako, hiri barruan birika bat sortzeko.. 100 urtean behin ireki beharko litzateke? 500 urtean behin? Ireki, ura pasa, eta hortxe, badago berriz espazioa erabilgarri. Uholde arriskua sahiestua. Ez dirudi hain zaila denik. Nahi izan behar.
Esperantza sendo bakarra dago: turistak. Turista herbeheretarren eta sevillarren artean Guggenheimera bisitak modan jartzea. Ez zen bada, Guggenheim Museoa Bilbora sedukzioz ekarri? Ez zen mirakulua izan? Behin izan bazen, bitan ere bai: turista herbeheretarrek eta sevillarrek gure erakunde publikoak eta hirigintza arduradunak bat-batean seduzitu eta Kanala ireki ordez, izan zena berreskuratu eta ibaiari arnasa emateko hautua hartuko dute.