Mintzaleku edo lokutorioak Euskal Herrira heldu berriak edo gurean urte gutxi daramaten auzokideek kudeatu eta erabili ohi dituzten negozioak dira. Printzipioz beraz, euskararentzako arrotzak diren dendak direla uste da normalean. Orain arte gure hiztun esperientziatik eratorritako ustea, kasu gehienetan behintzat.
Errealitatea aldatzen doa baina, eta esango nuke Bilbon errealitatea aldatzen ari dela kasu honetan ere. Agian desioak eta errealitatea nahasteko arriskuan eror daiteke bat. Agian. Nolanahi, bada errealitate neurgarri eta errepikakor bat: mintzaleku askotan euskara entzuten da behin eta berriz, nortzuren eta gurasoen zain (jabeak zein bezeroak) dauden haur eta umeen eskutik.
Gertatu ahal zaizu ume hegoamerikarrekin, ume afrikarrekin, txinatarrekin zein magrebiarrekin. Batzutan anai-arreben artean jolasean euskaraz, bestetan gurasoei hitzen bat esaten (adarra jotzen edo jakituria erakusketetan), harako bestean umea euskaraz kantari ari dela, honakoan zuri sakelekotik euskaraz entzun eta korrika zuregana datorrela edozer galdezka.
Eta lokutorioetan bezala, gauez bidaiatzen duten garraio publikoetan berdin-berdin. Autobusetan gauaren isiltasuna, 40 bat lagun Bilbon igo, eta euskarazko hitzak ume magrebiarrari entzun euskaraz kantatzen edo klaseko ariketak errepikatzen ari delako. Anekdotatzat jo daiteke ziurrena, behin baino gehiagotan gertatu arren. Nabarmena eta adierazgarria dena panorama orokorra da baina: beste inori entzun ez izana euskarazko hitzik telefonoz edo bidaia-kidearekin. Umeei soilik, eta kasu hauetan guztietan, euskara eskolan jaso, Bilboko jolas-parkeetan - kalean indartu (?) eta etxeko familia-bizitzara sartu dutenei, etxean gaztelera, amazigha, arabiera edo mandarina jaso dutenei hain zuzen.
Euskararen transmisioaren gaineko begirada zentralak belaunaldien arteko transmisio bertikalari jarri izan dio arreta. Eta agian, esaterako Paula Kasaresek planteatzen duenaren ildotik, espero gabeko erabilera horiek ulertzeko, hizkuntzarekiko harreman, hurbiltze eta erabilera berriak ulertzeko, transmisioaren norabide bertikalak “sozializazioaren paradigmari” ireki behar dizkio ateak, eta familia-etxea eta kalea batera aztertu, harreman eszentrikoak (adinkideen artekoak) lehen posiziora ekarriz. Horrela haur, ume eta gaztetxoen hizkuntza praktikak eta hizkuntza(ar)en jabetzeak hobekiago ulertu ahal izateko. Euren mailan jarri, makurtu, eta galderak egin baino gehiago, entzun.
Ekainean EHUren “Euskararen transmisioaren bide berriak” udako ikastaroan Paula Kasares “sozializazioaren paradigman” sakontzen entzuteko aukera izan zen, eta begirada honi hurbilpen gisa edo, hemen Zumaian emandako hitzaldi baten bideoa. Udako ikastaro horretan bertan Jone Miren Hernandezek "Familia Hizkuntza Politika" kontzeptua azaleratu eta xehetu zuen, eta ziur datorren urteotan zer esana emango duela eskola, etxea, familia, hizkuntza politikak eta hizkuntza bera harremanetan jartzen dituen kontzeptu honek ere.
Espero gabeko lekutan itxarongo ez genituzkeen euskararen presentziez gain, inkestek, kale neurketek (%3,2ko erabilera 2.011n, %2,85eko erabilera 1.989an) edota gure kaleko hizkuntza-bizipenek badute adostasun puntu bat Bilbon: euskara kalean entzuten dugunean, salbuespenak salbuespen, ia beti haurrak daude tartean. Bai euren arteko elkarrizketetan bai guraso-haurren arteko harremanetan. Orain dela gutxi katalan hiztun batek horrela ziostan: “Bilbon euskara zertxobait entzuten da kalean, uste nuena baino gehiago, baina beti umeekin. Zergatik helduek ez dute euren artean egiten?”. Positiboki begiratuta euskara etorkizuneko oinarriak sendotzen ari dela pentsa dezakegu, eta horren baitan, belaunaldien arteko transmisioak aurrera egiten duela eskolaren ekarpenari esker. Norabidea hori dela adieraziko luke adibidez Aitor Villanuevaren ikerketak (nahiz eta ondorioetan, Erandioko igerilekuko euskarazko ikastaro faltaren adibidea jarrita, erabilera hazi dadin sozializazioari jartzen dion arreta nolabait).
Orain, batzutan susmoa ere agertzen zaigu ea ez ote den aldi berean, euskararen infantilizazio prozesu nabarmena (Xabier Etxabek folklorearekin plazaratu bezala) gertatzen ari Bilbon: haurrik ez badago, euskararen erabilera amildu egiten da kalean. Ia huts bihurtzeraino euskararen erabilera. Bestela esanda: euskara ez ote zaigun / garen haur-hizkuntza bihurtzen ari Bilbon, etorkizunerako haur horiei esaten ari garelarik: euskarak ez du balio “benetako” Bilbon, helduen Bilbon (ederki azaltzen du Xabierrek artikuluan folklorean atzemandako “infantilizazio” prozesua). Helduen arteko elkarrizketak basamortuko oasia dira kaleetan, eta oasi horiek gehienetan bikoteak dira, hiruzpalau laguneko elkarrizketa kalean euskaraz ia zientzia fikzioa izanik. Eta ez da euskaldun faltagatik izango.
Denborak esango du ea bi norabide hauek Bilbon paraleloki indartu eta sendotu egingo diren (umeekin euskaraz, kalean gazteleraz), edo lehenengoak (ezagutza handiagoa - etxeko transmisio handiagoa) bigarrena (hizkuntzaren infantilizazioa - erabileraren fosilizazioa) irauliko duen, kaleko erabileraren mesedetan. Denborak eta hiriak, biek batera, esango dute.