Aukera Galduak

Erabiltzailearen aurpegia _Galder Unzalu Etxabe 2015ko ots. 18a, 12:10

Bada gure kaleetan gero eta zabalduagoa dugun hizkuntza-ohitura: ostalaritza girotan eskaeraren orduan euskara erabiltzea eta horren ondoren, automatikoki, gaztelerara pasatzea. Barraren bi aldeetan.

Askotan gertatzen da Bilbon, eta tradizio bihurtzeko bidea hartzen ari da zenbait lekutan. “Bi zurito” - “bi euro”, buelta eman eta “como decíamos ayer” jarraitzea. Ulertu daiteke bezeroen ekimenez eremu hori irabazi duela euskarak Bilbon zenbait gunetan, ulertu daiteke ere euskal hiztun askoren nahikotasun komunikatibo faltaren adibide gisa (euskararen aldeko borondatea bai, euskarazko elkarrizketetarako nahikoa erraztasun ez), baina ulertu daiteke ere zabalduta dagoen "egia" bihurtu zaigun (hizkuntza-ideologia gorpuztua, kontziente ez den ideologia barneratua) sinesmen gisa: euskarak ez digu balio barraren bi aldeetan (esleipen espaziala) lau hitz kortesiazko gurutzatzeko baino (esleipen funtzionala).

Orokorra izanda, Bilbon nabarmena den euskararen infantilizazio prozesuak hizkuntzarekiko esleipen espazial-funtzionalaren gakoa erakusten digu berdin-berdin: euskarak umeak interakzioan dauden espazioetan erabiltzeko balio du, euskarak umeekin betetzen diren funtzio komunikatiboak betetzeko balio du. Eta orduan, galdetzea dagokigu, non daude hizkuntzarekiko ikuspegi ideologiko estatiko eta determinatzaile hauek? Erabileraren hazkuntzarako hain zitalak diren sinesmen bihurtutako eduki ideologiko hauek nondik datoz? Nork ezarriak dira?

Hiriaren kritika feministak erakutsi du genero mendekotasunak esleipen espazial eta funtzionalak dituela bere muinean ("emakumeak toki zehatz batzuetan baimenduak baino ez, emakumeak funtzio zehatz batzuetan baimenduak baino ez"), eta esleipen horiek naturalizatzeak (“beti izan da horrela, naturala da”) genero bazterketa betikotzeko duen indarra. Sinesmen mailara pasatzean, eraikiak diren esleipen funtzional eta espazialak, horien desegituraketak luze bezain zaila bihurtzen du mendekotasunetik ateratzeko bidea. Era berean, emakume izatearen definizioaren fosilizazioa (“emakumea da emakume jaio eta emakumeak egiten dituen funtzioak bere lekuan betetzen dituena”), parekidetasunerako prozesua oztopatzen duen beste osagai ezinbestekoa da.

Bide honi helduz, oinarri hauekin, bi ildo jorratu daitezke Bilbon ematen diren euskararen erabilera prozesuak ulertzen ahalegintzeko, estuki lotuta doazenak. Esleipen funtzional-espazialak, eta bestetik euskaldun izatearen definizio hertsi eta markatua, “aldeanismoaren” estigmatizazioari lotua. Biak historia luzea dutenak gurean, eta etengabe berrituz, berrelikatu eta euskararen erabilerarako galga bihurtzen direnak.

Funtsean, esan daiteke euriak basoko landarerik ttattarrena bustitzen duen bezalaxe, norbanakoon hizkuntza praktikak hizkuntzaren gaineko iruditeria kolektiboek baldintzatzen dituztela. Eta gure kasuan, Bilbon jendaurrean ari den langileak “euskaraz badakigu” duen oharra agerian izanik, “euskaraz eta kitto” kamiseta jantzita dakarren herritarra arreta eske datorkionean, elkarrizketa gaztelaniaz gauzatzen dutenean (kasu erreala), hor, elkarrizketa horretan, bien arteko harreman pertsonala gainditzen duten faktoreak eragiten ari direla nabarmena da. Horien artean, Bilbok hiri lez, osotasun lez hegemonikoki euskararekiko zabaltzen dituen esanahi eta sinismenak (esleipen espazial eta funtzionalak eta euskaldunarekiko “izate” irudi jakinak bere baitan dituztenak).

Eta esaterako, non ikusi daiteke Bilbok zein esanahi (nagusiki baina beti bestelako esanahiekin gatazkan jakina) zabaltzen dituen?

Toki askotara begiratu daiteke, baina Bilbo hitzaren desagerpen instituzionala da horietako bat. Bilbao euskara da, baina Bilbo da euskaldunok ia orobat erabiltzen duguna. Bilbon behintzat inork ez du euskaraz “Bilbao asko aldatu da” esaten. Praktikan, Hegoaldeko gainontzeko hiriburuetan ez bezala, erabilera instituzionaletik erabat kanpo geratu da euskara hiriaren izenean. Alegia, bilbotar hiztunaren pertzepzio praktikoan, jada euskararik ez da hiriaren izenean. Horrekin lotuta, Bilboren erabilera nazioartekotzerako “marka” bakarraren ideiari oztopo gisa ulertu zutenek, agian orain “Bilbo Baggings”-en mundu mailako eragina ikusita (inoizko filma trilogiarik arrakastatsuenetako bat), bere buruari galdetuko diote ea ez ote zuen merezi Bilbo-Bilbao bikotearekin jarraitzeak. Marketing kanpaina dohainekoa galdu du Bilbo hiriak Bilbo pertsonaiari inolako jaramonik egin gabe. Mundu mailako aukera galdua.

Ildo beretik, adibidez, hizkuntzen gaineko esanahien zabalkundea Plaza Biribileko Turismo Bulegoaren kartel berrian dakusagu.  Bertan “Turismo” ikusiko dugu, besterik gabe. Jarri zezakeen “Turismoa” baina ez, “Turismo” jartzen du. Argudiatuko du Bilbao Turismok (hau ere gaztelera hutsez) “Turismo Bulegoa” ere euskaraz dela, baina “Bulegoa” galduta, “Turismo” gaztelerazko hitz bihurtzen da handik pasatzen den edonorentzat. Euskararekiko garrantzitsua izan zitekeena, Bilboko Zabalguneko plazarik sinbolikoenean, euskararentzat espazio “zail” batean euskaraz egotea Plazako kartel erreferentzialena, gaztelera hutsez jartzea erabaki zen. Ez da pentsatzekoa turista atzerritarrek “Turismo” ulertzen badute “Turismoa” ez dutela ulertuko. Are gutxiago, Bilbao Turismoko zuzendariak berak “Rutas Del Mundo” aldizkarian esaten duen lez: “Uno de los motivos por los que la gente viene aquí es porque somos vascos, esa es la paradoja[1]”. Beste aukera galdu bat hiriaren bihotz turistiko-finantzieroan.

Aukera galduekin jarraituz, San Mames Barria izan zitekeena San Mames huts geratzean, Athleticek aukera ederra galdu zuen euskarari nazioarteko oihartzun mediatikoa eskaintzeko. Nabarmenki, gaur egungo Europan futbolak adinako oihartzun mediatikorik ez du beste ezerk. Eta Athleticek, Barria horri eutsita (kalean jada ahobatez onartua zegoena) euskarari orain arte ukatua izan zaion lekua emango zion eta miloika ikusleri euskara etxeko telebistaraino eraman. Nou Campek katalanari ematen dion bezalaxe, San Mames Barriak opari ederra egin ahal zion euskarari. Berriz ere beste aukera galdu bat.

Izarren arkitekturara gatozela, Zubizuri eta Isozaki Atea (honek japoniar oihartzunak ditu euskararenak baino gehiago) kenduta, Bilbon ez zaio euskarari inon lehen mailako (parekidetasuna erakutsiko lukeen mailako) lekurik eskaini. Nazioartera begira dauden eraikin, azpiegitura edo ospakizun bakarrak ere ez du euskarazko izenik. Ingelesez jarri ez zaizkionak  (BEC, Bilbao Arena) gaztelerak bete ditu hasierako izendapenetik (Alhóndiga, Termibus) edo Bilboko komunikabideen irizpide neutroaren laguntza ezinhobeaz (Loiuko aireportua La Paloma bihurtu dute edo jada hasi dira Deustuko Erriberako el Puente Gehry-z hitz egiten).

Era berean, esaterako, hain zaila al da Bilbon lur hartzen duten konpainiekin hegazkin barruko komunikazioetan euskararen presentzia ziurtatzeko (besterik ezean, aurkezpeneko grabazio baten bidez eginez) harremanak bideratzea? Zenbat miloi lagun sartu eta irteten dira urtero Loiutik? Zenbat hamarnaka milaka euskaldun? Guzti horiek euskara entzutea ez litzateke soilik haiei euskararen lurraldera sartu-irtetzen direla aurkeztea. Nazioartekotasunari “erreserbatutako” eremu batean euskarak praktikan lekua duela egiaztatzean, nabarmenago litzateke euskal hiztunentzako muga berri bat hautsi dela bizitzea, euskara estutzen duten esleipen espazial eta funtzionalak kolokan daudela nabarmentzea, euskararen zokoratzea ez dela ez “naturala” ez “eternoa” adieraztea.

Esleipen horiek zehaztutako erabilera eremu “naturalak” (umeak, taberna-jatetxe jakin batzuk, aisialdi - politika - hezkuntza eremu/ingurune zehatz batzuk) gainditu ezean, edo gutxienez, horien mugiezintasuna ziurtatzen duten sinesmen-usteen erregaia den karga ideologikoa aldatzeko ahaleginik espresuki egin ezean, erabileraren hazkuntza nekez emango da Bilbon. Hiztunak irabazi bai, baina aurretiaz zehaztutako eremu zehatz eta funtzioetara mugatzen diren hiztun berriak izango dira (Aste Nagusian -gaur egun euskaraz hiriaren %100ak erabiltzen duen izen bakarra- txosna batean euskaraz eskatu, Santo Tomas egunean taloa euskaraz jan, umeekin Santa Agedan euskaraz kantatu), erabileraren gainontzeko eremu guztiak bere “betiko” hizkuntzan izaten jarraituko dutelarik.

Uste berdinek emaitza berdina, baldintza batzuk aldatu arren (adibidez, aurrez aurre komertzio batean Bilbon euskaldun bat aurkitzeko arrakastarako aukera izugarri hazi da Bilbon, baina, horren inguruan lanketa berezirik egin ezean, usteak berdin jarraitzen du: “ez daki euskaraz, gaztelaniaz egingo diot”). Hots, euskara Bilbon bere tokian, txokoan, ia ezkutuan. Sinesmen bihurtutako ideologia mugitu, zalantzan jarri, praktikan gainditzeko pausuak ez badira ikusten, euskalduna denak edo euskalduntze bidean dagoenak oso zaila izango du bere kabuz hain indartsua, hain hegemonikoa, hain ezarria den euskararen mugak zehazten dituen harresia gainditzeko ahalegina egitea. Eta hori hiztunaren gaitasun komunikatiboa gora-behera. Euskara oso ondo dakien hiztunak ez baitu euskaraz egingo Bilbon  lekuz kanpo dagoela sinesten badu (sinesmen hori kontzientea edo ez-kontzientea izan, automatikoki edo hausnartu eta gero egin).

Orain dela gutxi euskara berreskuratzen ari den ama durangarreko bilbotar batek Berrian amaz hitz egiten honakoa zioen: Trenean joaten ziren Bilbora gaztetan. Euskaraz egiten zuten, baina, Bilboko plazara iristean, “baserritar hauek orain ere euskaraz!” eta antzekoak entzun behar izaten zituzten. Beraz, seme-alabei gazteleraz irakatsi zien. Bilboaldean hazia edo ibilia den edonork horrelako pasarteak eta transmisio etendurak nahi beste ezagutuko ditu apur bat galdetuta. Eta galdetzea ere badagokigu, ea aurriritzi-estigmatizazio eta markatze horrek zutik dirauen Bilbon euskarari “onartutako” espazio eta funtzioetatik at. Espazio-funtzio mugak eta euskaldun izateko era fosilizatu-zehatz baten transmisioa (Bilboko eliteen gehiengoak XIX. mendetik gutxienez inguruetako baserritarrekiko erakutsitako hizkuntza eta klase gutxiespena euskaldunari orohar aplikatua) faktore bikotea euskarari lotzearen ondorioz, hizkuntzari eta erabilerari muga “natural” zahar-bezain-berria ezarriz.

 Argudioa kontrara ekarrita, hizkuntza bere mugetatik at ateratzeko baldintza guztiak kontra izanda eta euskaldunaren gutxiespen-estigma denboran hain iraunkorra izanda ere, euskara Bilbon beti egon da entzungai belarriari jaramon egin nahi izan dionarentzat. Hortaz, ondoriotzat atera dezakegu hiriaren esanahien ekoizpen gune hegemonikoak kontrakoa esanda ere, euskaldungoak beti eutsi diola Bilbon ahal izan duen bezala. Horregatik, gune horretan euskararen aldeko esanahi argiak sartzen hasten diren unean, ezin esperoko da bat-batean gazteleraz ari denak bere eremu guztietan zuzenean euskarara jauzi egitea. Hau da, ez dago hizkuntza determinismorik, ez euskararen alde ez kontra. Indibiduala baita hizkuntza soziala bezainbat. Baina gutxienez eremu horien sendotasuna gotortzen dituzten sinesmenak kolokan jartzen hasiko gara. Eta, zoritxarrez gaur egun gertatzen denaren kontrara, euskaraz bizi nahi duenak eta euskarara hurbiltzen ari denak Bilbo hiriak ere bere alde egiten duela sentituko du.

 



[1] Rutas Del Mundo, 267. zenbakia. 62. orrialdea. “Basque Fest - Basque Lands Festival” festibalaz ari zela.