uriola.eus

2017an ere, Uriolarekin, "Emen gara!!"

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

“Emen gara!!” zioen Egunak 1937ko urtarrilaren 1eko estreinako portadan. Euzkadi egunkariaren inguruan bildutako euskaltzaleekin batera (Manu Ziarsolo Abeletxe bilbotarra, Agustin Zubikarai ondarrutarra, Eusebio Erkiaga Endaitz lekeitiarra...) erasotzaileen atzaparretatik ihesi Bilbon babestutako euskaltzaleek sortu zuten Eguna. Gerraren gaiztotik sortutako elkartze berriek, gaur egun sinergia deitzen zaion horrek, eskainitako aukerak erabiliz eta euskararentzako mugarri izango zen egunerokoa erdituz.

Aterpetutako horien artean baziren zarauztarrak (Txomin Arruti - Mendi Lauta), donostiarrak (Ander Arzelus - Luzear), zumaiarrak (Julene Azpeitia - Arritokieta)... ziuraski, gerragatik ez balitz, euretako askok Bilbo langintza hauetarako inoiz zapalduko ez zutenak.

Gerrak hona ekarri zituen, baldintza politiko eta ekonomikoak egokiak suertatu, eta Bilbo bihurtu zuten luzaroan desiratutako egitasmorako irteera-pista (Mendi Lautak eta Xabier Lizardik 1929rako bazuten Donostian Argiaren inguruan euskarazko egunkari egitasmoa definitua, Bai izenpean proba-zenbakia argitaratzera heldu zena). Ezinbestean, baina baldintzak aprobetxatuta, jakin zuten egitasmoari forma eman eta Bilbo erori arte, era parte-hartzaile (100 bat idazle aritu ziren 6 hilabetetan, kopuru izugarria) eta militantean (eguneroko bonbardaketapean, egoera izugarria) Egunari eusten.

Berriki plaka bat ezarri zaio Egunari eta Eguna egin zutenei Posta kalean, baita Euskaltzaindian jardunaldiak haren omenez ospatu ere. Eguna egiten zuten euskaltzaleen zein bonbardaketen azpian bizi ziren bilbotarren omenez egiten den guztia gutxi izango da, baina gutxienez berriak eta pozgarriak zaizkigu horrelako omentzeak gure hiriko agintarien aldetik.

Beste urrats bat ematea badagokie ordea: Egunaren bide-urratzearen oinordeko diren euskarazko komunikabideei babesa eta bizirautea bermatzeko urratsak ematea hain zuzen. Dirulaguntza sistema ez bada nahikoa ia ezta bizirauteko ere, zer esanik ez Bilbon Bilbotik eta Bilborako idatzizko eguneroko komunikabide bakarra den Uriolak, Bilbon euskarak ezinbestekoa duen komunikabide indartsua bihurtzeko behar duena ziurtatzeko.

Euskarazko komunikabide guztiek osatzen duten mundu erreferentzialak ekarriko du euskara Bilbon erdira, eta Bilboko erdia euskarara. Ez dago beste biderik gure mundu hipermediatiko eta hipermediatizatu honetan.

Beraz, euskarak Bilbon aurrera egingo badu erakunde publikoen ardura da horiei arnasa hartzeko aukera eman eta hazteko baliabideak bermatzea. Uriolak Bilboren arimak (bat baino gehiago baititu) ukitu behar ditu euskara bertara txertatzeko eta euskaldunok horietatik euskaraz edaten jartzeko, eta horretarako baliabideak behar ditu, gaur gaurkoz erakunde publikoek beste inork bermatu ezin dituztenak.

Bitartean, hiriko kaleetan gabiltzanok, Bilboko euskaldunok zein Eguna sortu zuten haiek bezala Bilboko aterpera etorritako euskaldunok, jarri dezagun gure alea Uriola laguntzaile bihurtuz eta Uriolan parte hartuz. Ahalik eta bizirauteko oinarririk zabalena eraiki dezagun, hortik hazi eta hiria euskararentzako irabazteko. 2017an ere, Uriolarekin, hemen gara!

 

[Saretu, babestu, indartu! Izan zaitez URIOA Laguntzaile!]

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa