Erabileraren ikasketa kulturala

Erabiltzailearen aurpegia _Galder Unzalu Etxabe 2017ko eka. 20a, 18:44

Bide luzeko autobus batean bidaia-kide nuen gazte kolonbiarrak ea errumaniarra nintzen galdetu zidan behinola. Errumaniartzat zergatik hartu ninduen jakin nahian, esku artean nuen BERRIAri begirada luzatu eta «hor duzun egunkari hori ez al da errumanieraz?» erantzun zidan.

Mutila ez zen Euskal Herrian bizi, baina usu etortzen zen gurera, eta trafiko-seinaleetako bi hizkuntzetaz galdetzerakoan, errumaniera zela uste zuela erantzun zuen. Teruelen bizi zen, eta bertan errumaniar asko ezagutzen zituenez, hemen ere gaztelera ez zen beste hizkuntza hori errumaniera zela pentsatzea arrunt gauza normala zen beretzat.

Bilbo aldean bizi den Pura emakume boliviarra aimara da. Mendian bizi zen Bolivian, aitarik gabe hezia, bost ahizpetatik nagusia. Etxean egiten zuten gazta ahizparekin egunetako bidea eginez mandoz hirira eraman eta han salduaz ateratzen zuten bizimodua. Azoketan gazta saltzaile ikasi zuen ketxua hizkuntza, salerosketetarako ezinbestekoa zuelako. Argirik gabe bizi ziren, eta bueltatzeko aukeran zein bizimodu hartan pentsatzeak triste jartzen du. Madrilera migratu, 10 urte han egon eta Euskal Herrian hiru urte darama. Bertan jaio da Nahia bere alaba. Ez dio bere ama-hizkuntza den aimaran hitz egiten, gazteleraz baizik (bikotea ere aimara hiztuna du). Aldiz, euskara ikasten ari da, euskara ikasi nahi du eta alabari batzuetan dakizkien euskarazko hitzak esaten dizkio, ipuinak eta kantak euskaraz jartzen dizkio. Hiru urteko Nahia haserretu egiten zaio, ez baitu ama euskaraz hitz egiten kokatzen. Nahia izena zergatik jarri zion galdetuta, honakoa erantzuten du: «Nahiak aimaraz Ni esan nahi duelako eta euskaraz desioa».

Pura bizi den kale berean litxarreria denda bat dago. Egunkariak ere saltzen dituzte. Jatorriz familia euskalduna, dendan saltzaile egon ohi den gazte parea euskalduna da. Eurekin euskaraz egiten baduzu euskaraz egiten dizute, saltzaile finak, dudarik gabe. Tokiko euskara elkartearen ekimeneko kanpainak eskainita, «euskaraz badakigu» pegatina jarri zuten mostradorean. Berehala, hilabete gutxiren buruan, pegatinak agerian egoteari utzi zion. Jada ez dago ikusgai, eta beti du orri txatalen bat gainean inork ikusi ez dezan. Zergatik estali duten galdetuta, saltzaileak segituan argitu du gutxiago saltzeko arriskurik ez duela hartu nahi eta bezero bat edo beste kexatu egin zaiola.

Kale horren beraren atzealdean Metro geltokia dago. Eta Metroan, denetarik ikusi eta entzuten da, bidaiak gero eta teknologizatuagoak, hots, gero eta isiltasun handiagokoak, diren arren. Sartu dira neska gaztea eta umea. Ama eta alaba izan daitezke, edo ez. Ezin jatorria definitu, baina itsasoz beste heldutakoak dira eta familia berekoak. Jolasean dirudite, diberturik, barre artean hitzak eta esaldiak poliki lotuz. Euskaraz ari dira. Ozen, Metroko bagoiari doinua ezarriz. Bagoian dauden koloredun bidaiari bakarrak dira.

Metroak hartzen duen ingurune metropolitar guztian herri bazkariak ehunaka eta era guztietakoak ospatzen dira. Gazteak izanik herri bazkarietako bazkaltiar gehienak, euskaldunen kopurua %100etik gertu ibiltzen da horietako gehienetan. Aldiz, herri bazkari zehatzak salbu eta herri bazkari horietako mahai zehatzak salbu, euskararen erabilera hutsaren hurrengoa izaten da bozgorailuetatik entzundako aurkezpen eta musikaren doinuengatik ez bada. Bazkaltiar euskaldun ohikoari galdetuz gero zergatik ez duen euskara erabiltzen, ziur aski ez da erantzun bateratu edo garbirik egongo.

Horietako herri bazkari batean Josune eta Katiak egin zuten topo orain dela hilabete gutxi. Bata euskalduna, bestea amak erakutsitako eta gero galdutako jatorrizko guaraniera Bilbon berreskuratu duen paraguaitarra. Bazkariak aurrera egin ahala konfiantza eraiki dute elkarren artean eta Josunek Katiari kontatu dio nola orain dela hamarkada batzuk bere amama bermeotarra Bilbora arraina saltzen etorri eta atxilotu eta kartzelatu zuten euskaraz kalean aritzeagatik. Katiari ez zaio ezezaguna egin Josunek kontatutakoa. Hizkuntzaren ondoriozko bazterketa soziala ezagutu duela eta txikitan ahaztu zuen guaraniera inguruneotan bizi den herrikide multzoarekin berreskuratu eta erabiltzeagatik oso pozik dagoela kontatu ondoren, berak euskaldunekin ibili nahi duela esan dio, euskara semearen martxan ari dela ikasten eta euskaldun bat gehiago sentitzen dela. Semeari, berriz, gazteleraz egiten dio, guaraniera albo batera utzita.

Hizkuntza ibilbide ezberdinak, bizipen ezberdinak, erabilera maila ezberdinak. Nolanahi, esan daiteke denek badutela erro berdina: hizkuntzaren erabilera ez du soilik sentimenduak, jatorriak, ama-hizkuntzak, identitateak (linguistiko, politiko, ekonomiko edo kulturalak), legeak, gaitasunak, aldekotasun pertsonal eta kolektiboak, erregistro-aniztasunak eta erraztasunak, hiperteknologizazioak eta likidotasunak, prestigioak, historiak... definitzen. Aldiz, erabilera, nagusiki, kontestu espazial zehatz batean garatzen den ikasketa sozial eta kulturalaren emaitza dinamikoa dela argudiatu daiteke. Hiri, eskualde zein herrian gauzatutako ikasketa, espazio horretan espresuki zein inplizituki txertaturik doazen esanahi eta balio guztiekin, aurretik zerrendatutako osagai guztiak barne hartzen dituen prozesu historiko eta dialektiko etengabekoaren produktu direnak. Eta horrela, ulergarri egingo zaigu eremu berean batek maite duen ama-hizkuntza transmisiorako baztertzea (izan hau euskara, aimara edo guaraniera), hangoak kostata bada ere alabarekin euskaraz jolastea, besteak identitate politikoaren definitzailetzat duen hizkuntza ez erabiltzea, haragokoak aurrean duen hizkuntza ikusi ere ez egitea, dendariak berea duen euskara ezkutatzea, haragokoak zigorrak edo ezinikusiak jasanda ere erabilerari eustea, edota, adibidez, Bizkaiko gazteen lagun-giroko erabilera 2004tik 2016ra %43,9tik 27,1era jaistea. Ikasketa prozesu sozial eta kulturalen emaitza dira erabilera adibide hauek guztiak, eta, etorriko bada, (des)ikasketa kolektibotik (Miquel Strubellek BERRIAn orain dela gutxi esan bezala: «egingarriagoa da hizkuntza ohiturak taldean aldatzea») etorriko da erabileraren igoera nabarmena, hots, aldaketa kulturalaren bidetik.

Berriatik ekarria