Gerraurreko Emakume Idazleak, beldurra eta Abandoibarra

Erabiltzailearen aurpegia _Galder Unzalu Etxabe 2017ko abe. 14a, 17:40

1930ko emakume idazleetatik Euskaraldira Abandoibarratik pasata.

"Ez bakarrik Zarautzen bildu giñanak, baita juan ezinik edo bildurra edo... azaldu ez ziranak ere. Bildurrez, bai enetxoa, musu punta erakutsi ta gorde ostera. Neroni ere zerbait ikaratzen hasi nintzan. ¿Ain izugarriak ote gaitun? nion nerekiko. Orain arte zuluan egon gera, baña lengo batean eztakit zerek bultzata atera gendun burua", zioen Irak 1930eko irailaren 9an (12. orria, Bidanitik) El Día egunkariko Euskal Orrian. 

"Gure betiko lekua auxen izango da, ez bagaitu beintzat ekaitz batek leiza zulora berriro sartzen. ¿Ez al tzerate gurekin izutuko?", gehitzen zuen Bi Otsok. Ibarratik Arantxak zera zioen aste batzuk lehenago egunkari berdinean, 1930eko abuztuaren 14an: "Zerk ikaratu bear gaitu?". 

Beldurra dute aipagai. Isiltasuna apurtzeko beldurra, plaza publikoa hartzeko beldurra. Ixakak galdetzen zien handik gutxira (1930eko irailaren 7an): "Bildurtu egin al dira gure Maitxo eta lagunak? Ez, noski; ¿ez da ala? Lan arazo gogorrak izango dituzte bada ta... ¿Ala Luzearrek argazkia argitalduaz ezaguturik gelditu zaretelako alda, zuen ixiltasuna?".  

Elkar adoretzen dute, eta kolektiboa osatzearen garrantzia adierazi: "Lasaitu zan gure barrena, Lau Uxo, alai eta pozik, nere ustez beintzat, inguruan egaka ikustean (…) Aspaldiko ametsa nuan naikide bat arkitzea, emakume bakarra gauza motza bai da. Gaur nere gogoa gañezka beteta dakust. Baten ordez talde begizko maitagarri, gura nezaken guragarriena arkitu det eta", (Ira, 1930eko irailaren 9an). 

Zarautzen 1930eko abuztu bukaeran Lenengo Andereño Idazle Batzarrean elkartu ziren emakume taldeko kideek izandako artikulu bidezko trukean aurkitu ditzakegun hitzak dira, eta haietan idatzita utzi zuten emakumeak itzaletatik atera eta plaza publikora, kasu honetan kazetaritzara zein literaturara, eta euretako askok gerora politikara, jauzi egiteko garaitu behar izan zuten kontrako giro itogarriaren eta kontrako presio sozialaren erakusgarri dira. 

Emakume guzti hauek idatzitakoak ahalduntze prozesu baten kronika dira. Katolikotasunaren ortodoxiatik diskurtsiboki aldendu ez baziren ere (beraien praktika eta bizitzek inoiz ñabarduraz beteko bazuten ere ortodoxia hau, are kontrajartzeraino), Dolores Julianok Berria-n berriki esan bezala, eskura zuten askatasuna erabili zuten: 

"Independentzia erakustaldi txiki horiek dira batzuek «eskura dagoen askatasunaren erabilera» deitzen diotena. Egoera okerrenetan ere, badago hautatzeko aukera txiki bat". 

Hots, beraien kontestuan, espreski adierazitako beldurraren kontrako prozesu kolektibo gisa definitu ahalko litzateke emakume talde honek egin zuena. Galdera litzateke ea hau den euskaraz eta euren ahotsez deskribatu eta kontatutako lehen ahalduntze kronika Euskal Herrian, patriarkatuari bere kontestuan eta bere baldintzekin aurre egin ziona, esparru publikoan emakume talde gisa kolektiboki bere burua kokatuz eta bere tokia aldarrikatuz. 

Maider Oleagak Elvira Zipitria Iraren gainean egin berri duen filmak ekarriko digu talde horretako pertsonarik esanguratsuenetako baten bizitzara bidaia zirraragarria. Gerrak moztuko zuen ahalduntze prozesu kolektibo honen bi adarretara sartzeko, badugu Amaia Alvarez Uriak adar kulturalera egindako murgiltzea (Jakin-en 148. zenbakian) eta Mercedes Ugalde Solanoren arlo politikora sartzeko egindako doktorego-tesia (Mujeres y Nacionalismo vasco: génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza 1906-1936). 

Ez da oso ohikoa beldurraren adierazpen berariazkoak irakurri edo entzutea, nahiz eta gero eta gehiago badiren (adibidez, espazio publikoan edo Alardean). Nolanahi, beldurrari tiraka, aurtengo maiatzeko bero saparenpean Deustuko zubitik Abandoibarrako urertzeei begiratuta, emakume hauek idatzitako beldurraren aipuetara joan zitzaidan gogoa. 36 gradu udatiar giroan eta Ibaizabalen urertzeak, ustez hirian dagoen eremurik freskoenak, erabat hutsik. Beroa areagotu baino ez duenez egiten porlanak, harritzekorik ez. 

 

IMG_20170525_171944

 

Gauza jakina da hirigintza, hiria egitea, mundu ikuskera, ideologia eta sentimentuen ondorioa dela, gerora interes ezberdinen dialektikatik pasatu, arau forma hartu eta arau horien baitan aplikazio zehatzak hartzen dituena. Gure kasuan, Bilbon izandako eraldaketa urbanistikoak urertzekiko harremana porlanez bete badu, hesiz bete badu, ura-belarra-harreman zuzena hirukia ukatu badu, ibaiarekiko dagoen 'arrisku-zikin' ulerkera sakonarengatik eta horrek sortzen duen beldurrarengatik dela argudiatu daiteke. 

Beldurrarekin defendatu da Deustuko Kanalaren irekiera (uholdeak saihesteko antza) eta horrela defendatu da Euskalduna Jauregiaren aurreko eremuan zegoen hesirik gabeko tarte bakarrari (hiritar askorentzat preziatuena zena, bertara joan eta uraren gainean eserita egotea ahalbidetzen baitzuen) hesia jarria izana (inor uretara erori ez zedin egin omen zen). Hondartzara edo mendira joateko baliabide, ahalmen edo denborarik ez dutenek urertzetan beraietan egotea edo etzatea biderazin egiten duen porlanezko autopista defendatzea Abandoibarra mundializatuaren irudi kosmopolitaren baitan ongietorriak ez diren erabilera ez-onartuek (etzanda egon, eguzkia hartu, urari begira denbora eman, urertzean belarretan jolastu, mahaizapi bat ireki eta urari begira askaritxo bat egin...) sortzen duten beldurretik edo ezinegonetik baino ezin da ulertu. 

Eredu honen beste ertzean genuke adibidez argazkikoa, Toulouseko urertzeena, egun bero eta eguzkitsuetan erabilera anitzetan ari diren jendez mukuru:

 

IMG-20170422-WA0068(1)

 

edo Garonnaren irudi hauek, Bilbok irudikatzen duenaren justu kontrakoa:

 

VID-20170422-WA0069

 

Ez da kasualitatea Zubiarteren parean uraren gainean dagoen pantalana izatea Bilbon dagoen leku preziatuenetako bat. Eguraldi ona medio, beti egoten da bertan begi kuxkuxeroetatik babesean eta urarekin harremanetan egon nahi izaten duen gaztetxo talderen bat. Hori da, Olabeagatik Udaletxera doan autopistari ihes egiteko gune bakarra, beraz, nola ez da egongo tamainako eskaria. 

Primo de Riveraren diktaduraren ondoren eta Errepublikaren hasierarekin batera euskal emakume kolektibo hark aurrera eramandako adoretze kolektibo haren irakaspenen artean, beldurra azalerazi, oztopoak identifikatu eta horri aurre egiteko ahalegina izan daiteke bat. Hiriek (edozein hirik, gure kasuan Bilbok), euren baldintzatze ekonomiko, arkitektoniko eta ekologiko guztiekin, azpian mundu kultural eta ideologikoa dute formaren ekoizle. Hori identifikatzea eta horren gainean eragitea da kontua, eta hortik prozesu kolektiboei ekitea. 

Egunotan Deustualdean 11 egun euskaraz dinamika bizi izan dugu. Orain dela 80 urteko emakume idazle haiek egin zuten bezala, adoretze kolektiboko esperientzia bat, gaitasun, ezagutza, titulu eta hizkuntza-erregistro guztien gainetik, hizkuntzaren erabilera oztopotzen duten beldur, kinka-larri, uste-erdi-ustel eta gainontzeko guztiak gainditze bidean jartzeko. Ea 2018ko Euskaraldiak beste urrats bat ematera eramaten gaituen hiztunok. Baina batez ere, ea hizkuntzen erabileran berebiziko eragina duten hiriari forma (arkitektonikoa, urbanistikoa, kulturala, ideologikoa, historikoa...) ematen dioten politikak diseinatzen dituzten erakunde publikoen arduradunek ere hizkuntza-adoretze eta ahalduntze kolektiboko dinamika bat burura eramaten duten. Gerora politiketan islatuko dena. Izan ere, Eneko Gorrik Lapurdiko kostaldeaz dioena ("hirigintza ereduak hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa du") zuzenean da aplikagarri Bilbon. Haien zain gaude.