Maria Antonia Ereño eta Francisca Bilbao Landa, XIX. mendeko ikazkinak. Eta Olentzero?

Bizkaiko Artxibo Historikoan badira bi dokumentu non emakumezko ikazkinak aipatuak diren.

Txondor-egile-zaintzaile edo txondor-jabe zein ikatz-salerosketan aritutako, hots, ikazdun edo ikazkin. Ezin jakin. Nolanahi, ikatz-andreak, gazteleraz carbonera gisa identifikatuak baitira dokumentuotan. Bata Maria Antonia Ereño zeberioarra, 1866an Bilboko Bake Epaitegiak ikatz negozioan jatorria zuen diru kopuru baten ordainketaren gaineko kontziliazio saio baten izkribuan aipatua. Bestea Francisca Bilbao Landa derioztarra, Bilboko Zigor Instrukzio Epaitegiaren 1899ko ziurtagiri batean izendatua, non Franciscak Alejo Madariaga herrikideari ustez egindako irainen gaineko salaketa bat epaitzen den. 

 

Tasio-ren baimenaz gure ikazkinik ezagunena den Olentzerok, enbor-su huts izatetik (Subilaro, Onontzaro-mokor, Gabon-subil, Sukubela...), gaur egun zabalduen duen forma hartu arte (gizonezko ikazkin txapelduna), hainbat forma hartu ditu: Barandiaranek Ataunen lehenengoz jasotako ipuinean agertzen den Kixmiren berriemale den azken artzain-jentiletik hasita, mozkor, tripontzi, arrantzale, begi-gorridun izu-eragile, igitaidun, ikazkin... Leitzako forma eta genero aniztasunera heldu arte, ia beti zikin eta narras. 

 

Apur bat haratago, izenetik hasita (Olentzero, Orentzaro, Onentzaro, Orantzaro, Suilaro, Xiularo, Suklaro, Onenzaro... denak Barandiaranek aipatuak), toki, garai eta modaren araberako aniztasunaz gain, Eusko Ikaskuntzak 2009an argitaratutako Negua Ospatuz: Beroa, Kolorea eta neguko erritmoak (Antxon Aguirre eta Juan Aguirre, 2009) eskuliburuak adiera aniztasuna ere adierazten du:

 

“Olentzero

solstizioa,

enbor jakin baten bidez egiten den su sakratua

eta sua irudi antropomorfo bihurtuta”.

 

Horrekin batera, eskuliburuan Olentzero bere kontestu eta taldean kokatzen dute: kristautasunaren moldaketa handiago edo txikiagoarekin, neguari suaren bidez hasiera, garapena eta amaiera ematen dioten erritualen eta pertsonaia multzo izugarri zabal eta aberatsaren baitan. Taldea forma, izaera eta genero zein genero gabeko edo bereziki zehaztu gabeko hainbat pertsonaiaz osatua agertzen da urtean behin Euskal Herri zabalean: Juda, Kakarro-Judas, Letzeaga sorgina, Markitos, Miel Otxin, Intxitxu, Amanditxarko, Zaratrako, Aitanditxarko... Hau da, Olentzero multzo guzti honetako pertsonaia bat gehiago baino ez da, beste funtzio batzuekin Eguberria dela-eta, baina beste bat baino ez neguko ospakizunetako pertsonaien zerrenda luzean. 

 

Edozein kulturetan bezala gurean ere, pertsonaia bat (eredu zehatz batekin) lurraldean zabaltzen denean homogeneizazio prozesu bat ematen da eta zabaltzearekin batera fosilizatu. Pertsonaia hau 'horrelakoa' da, ezaugarri 'hauek' ditu eta hortik kanpokoa ez da existitzen edo 'desbiazio' bat da. Prozesu hau saihestezina izaten da zabalduko bada, baina pertsonaiak aurretik zekarren aniztasuna ukatzeko edo aldaketa berriak gelditzeko ere balio izaten du. 

 

Era berean, badago aurrekoarekin batera beste prozesu paralelo bat: panpina den pertsonaia erritualizatu bat behin haragiztatzen denean, haren ezaugarriak ez-ukituzko bihurtzeko bidean jartzen dira, bereziki generoari dagokionez. Nolabait haren izatearen, identitatearen, zentraltasuna pertsonaiaren generoak hartuko balu bezala, erritualaren beste hainbat ezaugarri moldagarritzat errazago onartuko liratekeen bitartean (estetika, hizkuntza, musika, desfile bat sortzea desfilerik ez zegoen tokian...). Berdin gertatzen da panpinik inoiz egon ez den bestelako hainbat erritualetan, generoa pertsonaiaren-erritualaren elementu zentral eta aldaezin gisa ulertzen dute askok (Irun eta Hondarribiako Alardeetan, Baztango Mutil dantzan, Errege Magoen kagalgatetan zein Aste Santuko Pasio bizidunetan), nahiz eta zorionez beste hainbatetan (Inauterietako hainbat eta hainbat pertsonaietan) generoaren ikuspegi fosilizatzaile-sakralizatzaile hau gainditua geratu den. 

 

Olentzerori berriz helduz, bada hirugarren prozesu bat aurreko biei atxikia: kabalgatizazioarena. Bilbo erakusleiho izar. Olentzero eta Mari Domingiren desfilea espektakularizatu eta Errege Magoen kabalgatarekin lehian sartu, dena bat. Umeen ilusioa, espektakulua, merkatua eta tradizioa, denak koktel bereko osagai ezinbestekotzat aldarrikatu, eragin, eta izar berri bat hiri kosmopolitan. Afera ordea ez da Olentzero kosmo-izar berri honen inspirazioa diren Errege Kabalgaten sorburua Alcoin (Alacant) 1866an egotea, hau da, Mairu eta Kristauen desfile-prozesioen gorena den hirian eta bertako normaltasun-kulturala den eszenografia, tradizio eta estetika valentziarretik edatea (gertuago dagoena Potlach-aren kulturatik, neguko suaren kulturatik baino). Kontua da zer hoberik eskaintzen duen desfile mota honek, Olentzero 'zaharrak' berarekin dakartzan edo ekar ditzakeen suaren, zarpailtasunaren, herri-partehartze horizontalaren, genero-gabezia zein moldagarritasunaren (gaur gizona, bihar emakumezkoa, harakoan biak batera, hurrengoan ez bata ez bestea...), eta espektakularizaziotik urrutiratzearen ereduaren aurrean.

 

Azkenik, galdetzea dago, ea zer onura dakarren bi pertsonaia genero-finkodunen ereduak (Olentzero –“el Olentzero”– eta Mari Domingi) Olentzero bakar, gaur gizon-bihar emakume-etzi tarteko  baten aurrean. Izan ere, gauza bat da zertarako edo zer argudiorekin ezartzen den pertsonaia berri bat Olentzeroren ondoan (arrazoi bat baino gehiago egongo dira, denak ordea kabalgatizazio mota bati, herrikoia edo ez, lotuak, hots, 'sua-pertsonaia zikinetik' gure gaur eguneko parametro 'normalizatuetarako' onargarri den pertsonaia –askotan haragiztatu– anitzeko desfile bati lotuak), beste bat denbora joan ahala belaunaldi berriek beretzat hartzea pertsonaia hori (edo ez), beste bat, oso diferentea, zer mezu ari diren zabaltzen medioetatik pertsonaiokin, eta bukatzeko, nola eta zein ereduren aldarrikapen gisa ari den barneratzen egitatezko bikote honen presentzia kabalgatizazio berri hauetan.