Beraz, Bilboko udal eremuan daudenez, bereziki zaindutako eta babestutako eremu bat beharko luke izan. Haien egoera oso bestelakoa da baina. Azalpen orokorrak dituzten panelak izan ezik, trikuharriak dauden tokiak edo sasiak janda daude edo ez dute inolako babes-ohar-adierazlerik. Auskalo munduan zenbat hirik duen orain dela 5.000 urteko monumentu megalitikorik bere udal-eremuan. Zaila izango da aurkitzen ordea horrelako altxorrak dituztenek gurean bezainbateko ahanztura eta utzikeria erakustea.
Trikuharri hauen balioaren erakusgarri da Bilboko Arkeologi Museoan Hirumugarrieta I eta II trikuharrietako indusketetan jatorria duten hainbat material litiko egotea erakusketa iraunkorrean. Balio dute trikuharriok haietan jasotakoa Museoan erakusteko, baina ez dute balio eremu babestu eta zaindua izateko, ezta Bilboko hiriaren memorian bere tokia izateko.
Behin Museoan gaudela, bestelako ahanztura batek ere arreta deitzen du erakusketa iraunkorrean. Burdin Aroan Europa erdialdetik hizkuntza indoeuroparrak heldu direla esaten da, eta baita haien arrasto batzuk bizirik dirautela (Deba, Nerbioi edo Barbadun). Eta Burdin Aroaren ondoren erromanizazioa datorrela. Eta horrarte hizkuntzei buruzko aipua. Euskarari buruzko aipu bakarra ere ez erakusketa iraunkor osoan. Hain da misteriotsua gure hizkuntza, ezen, hainbat hilarrik dituzten inskripzioak interpretatzeko latina baizik ez den aipatzen, nahiz eta, beste batzuen artean, adibidez Ahostarri inskripzioa agertu horien artean.
Ahanzturen errenkada honetan, ez da txikiagoa ere “euskal” eta “Euskal Herria” terminoena. Izan ere, XV. mendeko Urbieta ontziaren azalpenetan egiten du bere agerpen bakarra (gazteleraz ezta kasu horretan ere, “País” baitu itzulpen). Nabaria da kontrastea Bizkaia terminoarekin, zein Paleolitotik etengabe erabiltzen den mapa eta azalpenetan. Euskal Herriarekin inolako kontakturik ez duen bisitariak (edo DBHko ikasleak instiarekin egiten duen bisitan) lehenengoz Museora sartzen denean ondorio argia du: Bizkaia da hemen kontzeptu iraunkorra, sendoa, identitate-sortzailea, pertenentzia-aingura, bere muga zehatz eta guzti. Euskara (eta Euskal Herria) agian gaur egungo zerbait da, azalpenak elebidunak baitira, baina arkeologikoki ez dago frogarik, hots, ziurrena berria da Bilbon. Ez da bere muinaren parte. Bizkaia ez bezala, zeinen froga arkeologiko sendoak dauden... Paleolitotik! Ez da gutxi!
Ahanztura hau kronifikatze bidean ageri zaigu, izan ere korta edo sarobeak, hilarriak zein baserriak bezalako euskal kultur adierazpideetan ere (euskal kultura kolektibo baten baitan baino ulertu ezin direnak), ez dago inolako aipurik, erreferentziarik, maparik, kolektibotasun horren kide egiten duenik Bizkaia izenpean mugatutako lurraldea. Gogoratu daiteke ere, beste horrenbeste gauzetan bezala, ez dirudiela Bizkaia izena bera hain berezia denik euskal kulturaren baitan, Bizkaia erreka dugunean Zangotzaldean, Lehenbizkai auzoa Saran, Labetze-Bizkai udalerria Behenafarroako Amikuzen, eta Bizkailuze tontorra Abaurrean zein Bizkai gailur-mendilerroa Iruñerrian.
Hiriaren bihotza den imajinario edo mentalitate kolektibo nagusian euskararen ahanzturak tradizio sendoa du Bilbon. “En Bilbao nunca se ha hablado euskara” horrek (gero eta petit comiteagoan esaten denak, baina hor darraienak, tinko) baditu bestelako ahanzturarako laguntzaile-tresnak. Esaterako Bilboko hegemonia mediatikoaren jabe den egunkariak orain dela hiruzpalau urte atera zituen lamina batzuk non hiriaren historiaren laburpen ilustratua egiten zen hiri-mapen garapena erakustearekin batera. XI lamina azalpen historikodun, ilustrazio txukun askoekin. Euskararen aipurik? Bat ere ez. “Euskal” duen edozein hitzen aipurik? Gaur egungo Bilbo garaikidera arte, bakarra ere ez. “Vizcain@” hitza? XIII. mendetik aurrera etengabe. Ordurarteko biztanleak? Izenik gabeko hizkuntzagabeak.
Ahanzturez eta esandakoez, hutsunez eta oroimenez eraikitzen dugu memoria, eta konpartitua baldin bada, hiriaren memoria kolektiboa den bezala, gatazkatsua da, indar eta korronte ezberdinek elkar-eraginean elikatzen dute eta emaitza dinamiko zein amaiezinez osatua dago bere materia. Trikuharriak ez, Don Diego López de Haro bai; euskalduna ez, bilbainoa bai; Gerra Zibileko hiriaren kontrako aire-bonbaketak ez, Gerra Karlistetakoak bai; Kukutza ez, Azkuna Zentroa bai; Deustun azken urteotan eraitsi dituzten Basabeko Villa Maria Luisa jauregia, Tren geltoki zaharra edo Etxetxoa ez, Guggenheim eta MTV bai. Oraingoz, hau da hiri-imajinarioan ezarritako hegemonia.
Ahanztura berriek ez gaitzatela berriz ere mutu utzi.