Joan den astean Plaza Berrian, turisten kopurua bilbotarrena baino askoz handiagoa zela ohartu nintzen. Eta ez da kasualitatea: Bilbon, gaur egun, 17.939 turismo-plaza daude legez erregistratuta, eta askotariko modalitateak daude: erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak, hotelak, ostatuak, aterpetxeak...
Azken bost urtetan turismo-plazek eztanda egin dute Bilbon Legezko etxebizitza eta logela turistikoek, legez kanpokoak alde batera utzita, azken bost urtetan % 258ko hazkundea izan dute, egun ditugun 5.229 plaza izan arte.
Adibide gisa, azken bost urteetan hotel-plazen edukiera %37 igo da, eta 9.000 hotel plaza baino gehiago ditugu egun Bilbon. Alde Zaharrean 7 hotel ireki dira azken 5 urtetan, eta gehiago espero dira. 7.000 pertsona pasatxoko auzoa da Alde Zaharra, eta 2.000 turistenzako lekua du; ETISek (Europako turismo-adierazleen sistemak) 100 biztanleko turismo-plazen edo turisten kopururako balio zehatzik ematen ez duen arren, karga turistikoaren ahalmena edo intentsitate turistikoa bezalako adierazleak erabil daitezke tokiko biztanleriarekiko turismo-plazen kopurua “egokia” eta “iraunkorra” den ebaluatzeko, eta Zazpi Kaleetan, berriz, presio turistikoa nabarmena da: auzoko 100 biztanleko 28 plaza turistiko daude, gutxi gorabehera.
Ostatu-jarduera turistikoek etengabe hazten ari den sektore ekonomikoa osatzen dute gure hirian azken urteotan, eta horrek “biztanleria flotatzaile” handia sortzen du, urteko garai jakin batzuetan kontzentratzen dena, batez ere hiriko zenbait gunetan. Zonalde batzuek jasaten duten gainkarga murriztea ezinbestekoa da eta hiriko gune horietako bizilagunen bizi-kalitatea babestu, baita turismoa modu bidezkoagoan banatu, etxebizitzaren prezioa kontrolatu eta Bilboko zenbait lekutan turismo-sektorearekiko dagoen gehiegizko mendekotasunarekin amaitu ere.
Bilbo bizigarria izan behar da, ez kontsumorako produktu soila. Eta horretarako neurriak hartu behar dira berandu baino lehen. Ez dakit turismo jasangarririk egongo ote den, baina argi dago egoera hau jada ez dela jasangarria hiriko leku askotan.