Francesco Tonucci pedagogoaren eta haurrek hirirako duten eskubidearen defendatzailearen hitzetan, kaleak arriskutsuak dira umerik jolasean ez dagoenean. Baieztapen horrek gogoeta egitera bultzatzeaz gain, erronka sakona planteatzen du gure hiriak antolatzeko moduari buruz. Bilbo, haurtzaroarekin lagunkoia izateko ekimenak dituen arren, oraindik urrun dago bere espazio publikoetan jolaserako eta bizikidetzarako benetako inguruneak eskaintzetik.
Egunero, ehunka haur ateratzen dira Bilboko eskoletatik; une hau, ohiko begirada hutsetik harago, bizitza eta kohesio iturri da auzoentzat. Haur, heldu eta bizilagunen pilaketak elkarrekintza ingurune bat sortzen du, komunitatearen arteko loturak sendotu ditzakeena. Baina eskola inguruneak horretarako muga izan ohi dira, eta, kasu askotan, kaltegarriak ere. Metro eta erdiko espaloiekin espazioa itogarria bihurtzen da, eta zaila da bertan mugitzea eta are zailagoa txikienen segurtasuna bermatzea. Horrez gain, bide publikoa menderatzen duten autoak nonahi daude, baita oinezkoei lehentasuna eman beharko litzaiekeen uneetan ere.
Ikastetxeetara sartzeko eta irtetzeko dagoen irisgarritasun eta segurtasun falta horrek agerian uzten du hiri-egitura birplanteatu behar dela eta kaleak guztiontzat benetan irisgarriak diren espazio bihurtu behar direla. Eta hemen 8-80 hiri kontzeptuak zentzua hartzen du: zortzi urteko haur batentzat zein laurogei urteko pertsona batentzat autonomiaz bizitzeko modukoa izateko diseinatuta dagoen hiri bat. Ikuspegi horrek proposatzen du hiriko espazio guztiak bizigarriak izatea, haurrengandik hasi eta adineko pertsonenganaino. Eta kontzeptu honek gure kaleetako espazioa nola lehenesten dugun birpentsatzea behartzen gaitu.
Bilbo ibilgailuen gainetik pertsonak benetan lehenetsiko dituen hiri bihurtzeko, kaleen eta plazen diseinua birplanteatu behar da, espaloiak handitu behar dira, aparkalekuen ordez jolas eta bizikidetzaguneak ezarri behar dira, eta ikastetxe eta parkeen inguruan oinezkoentzako gune gehiago sortu behar dira. Haurrek hirian modu autonomoan jolasteko eta mugitzeko aukera dutenean, haien segurtasuna eta konfiantza indartzeaz gain, hiria espazio bizigarriagoa ere bihurtzen da eta hortaz, zentzu komunitarioa hazten da.
Imajina dezagun Tonuccik proposatzen duen hiria, haurrak askatasunez jolastu ahal diren hiria. Baina joan gaitezen haratago: haurrek jolasteaz gain, erabakitzeko aukera ere izango duten hiria. Hitz egin dezatela bizi nahi duten hiri motari buruz, behar dituzten espazioei buruz. Euren iritziek kontatzea parkeak, txokoak eta kaleak eraikitzerakoan, etorkizuneko hiria eraikitzerakoan.