Ukaezina da azken urteotan Bilbok bizi duen turistifikazio prozesua. Ukaezina aldi berean turismoak hirian eta herritarrengan duen eragina. Auzo zehatz batzuetan turismoaren karga jasangaitza da. Zazpi Kaleetan, 25 ostatatze plaza baino gehiago daude 100 bizilaguneko. Pentsa, turismo jasangarrirako markagailuek diote (turismoa inoiz jasangarria izan ahal bada), nahiz eta datu zehatza ez eman, 100 biztanleko 10 turista izango litzatekela egokiena.
Beraz bai, turismoa bada arazo bat. Auzo zehatz batzuetan baino ez delako aitzakia erabiliko dute batzuek. Ados, munduko edozein hiri turistifikatuan bezala. Ez al da nahikoa? Horrek neurririk hartu behar ez dela esan nahi du? Noiz hartuko ditu udalak neurri eraginkorrak?
Azaroaren hasieran udalak etxebizitza eta logela turistikoentzat moratoria aplikatuko duela iragarri zuen. Bazen garaia. Hala ere, neurria hankamotz geratzen da. Lizentzia berriak eten behar dira, bai, baina ez etxebizitza eta logela turistikoentzat bakarrik, ostatatze plaza guztientzat baizik. Bestela, dagoeneko gertatzen ari dena areagotuko da: apartamentu, hotel edota hostelen irekierek gora egingo dute. Adibidez, pasa den astean 190 apartamentu berri irekitzeko asmoaren berri izan genuen. Oraingoan, Deustuko Tiffany's taberna mitikoa zegoen lekuan 75 logeladun hotela irekiko dute. Eta horrelako albisteak astero jasotzera ohitzen ari gara.
Ez da jasangarria. Ez da bizigarria. Kontrolik gabeko politika turistikoak Zazpi Kaleak parke tematiko bihurtzen ari dira. Etxebizitzaren prezioak gora egitea dakar. Tokiko komertzioa suntsitzen du.
Duela gutxi, Alde Zaharreko kaleetatik paseoan, Correo eta Bidebarrieta kaleetan 12 souvenir denda zenbatu nituen eta nire buruari hurrengo galdera egin nion: zer izango ote da errazagoa erostea, kilo bat mandarina edo hozkailurako iman bat?
Nik neuk erantzuna argi daukat.