Bilbao River Fest

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Perea 2025ko urt. 23a, 09:16

Astebete pasatu da komunikabideen bidez proiektu baten berri izan genuenetik: ‘lantxa azkarren’ lasterketak itsasadarrean. Lasterketa berreskuratzeaz hitz egiten zuen berriak, dirudienez aurreko mendearen hasieran egiten baitzen txapelketa hori. Eta datu hori azpimarratzen zen, gainera; berriro ospatzeko pisuzko arrazoia balitz bezala.

Ez noa proposamen zehatz hau kritikatzera. Ez ditut sakon aztertu alde onak eta txarrak, baina boteprontoan, ez dut gezurrik esango, ez da emozionatzen nauen proiektu bat. Badakigu zer dakarkiguten ekitaldi handi hauetako batzuek.

Hamarkada bat da itsasadarrean aisialdi-jarduerak antolatzen direla, baina denbora honetan ez da gogoeta partekaturik egin galdera honi erantzuteko: zein da Bilboko itsasadarrari eman nahi diogun erabilera?

Bilbo itsasadarraren ertzetara  lotuta jaio eta hazi da. Itsasadarra hiriaren elementu egituratzailea da eta izango da beti. Ekosistema bizia ere bada, jarduera industriala desagertu zenetik berreskuratze bidean dagoena, eta bilbotar guztiok gozatu ahal izango dugun espazioa izatera deitua izan beharko litzateke.  

Zaila izango da aisialdiko jardueren, jarduera ekonomikoen eta kirol-jardueren arteko oreka mantentzea. Ez dago zalantzarik. Baina itsasadarra beti izan da gure hiriaren bizkarrezurra, eta Bilboko merkataritza, industria eta aisialdi-jardueraren lekuko izan da. Eta hala izaten jarrai dezala, baina hori bai, elkarrekin pentsatuz zer erabilera eman nahi diogun.