Kultura euskaraz? Noski!

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Perea 2025ko ots. 19a, 16:56

Irudia: Loraldia Festibala

Kulturgintza ezinbestekoa da euskararentzat, euskara kulturgintzarentzat ezinbestekoa den bezala. Azken urteetan pausuak eman diren arren, politika kultural zein linguistikoek ez dute erdigunea hartu eta, oraindik ere, gure paisaia linguistikoa aldatzetik urrun daude.

Gure herrian arrotz.

Adibide bat jartzearren: Arriagako programazioari begirada bat emanez gero, %22a baino ez da euskaraz. Are kezkagarriagoa da ehuneko horren %36a Loraldia jaialdiari zor zaiola.

Horrek erakusten du, Loraldia bezalako ekimenik gabe eta herri mugimenduaren bultzadarik gabe, euskararen presentzia are murritzagoa izango litzatekeela. Holako ekimenik egongo ez balitz, euskarazko programazioan eta euskaldunen bizitza kulturalean eragin handia izango luke, eragin negatiboa, noski. Loraldia edo egunotan ospatzen ari den Lautan Hiru antzerki jaialdia bezalako ekimenen presentzia funtsezkoa da gure hirian, ez dago zalantzarik. Egoera dagoeneko dramatikoa bada, pentsa ezazue etorkizun bat bultzada hori gabe, non komunitateak bere esentziaren funtsezko zati bat galduko duen, erremediorik gabe.

Euskarak kulturguneetan duen presentzia eskasak, erakundeen gure hizkuntzarekiko duten konpromiso falta agerian uzten du. Funtsezkoa da programazio ekitatiboa bermatuko duten eta eremu artistikoan euskararen presentzia indartuko duten kultur politikak sustatzea, euskararen garapena eta transmisioa ziurtatuz.

Ez dira nahiko borondatea eta intentzio onak, are gutxiago euskal kultura diglosia egoeran bizi denenean. Euskal kulturaren eskaintzari bultzada eta lekua ziurtatu behar diogu. Egoera irauli behar dugu. Euskara lehen lerroan jarri behar dugu.