Musika, auzolana, aldarrikapenak eta parte hartzea izango dira nagusi, auzoko elkarte eta herritarren lanari esker. Jai hauek, hala nola aurretik ospatutako inauteriak –Deustun ez ezik, Errekalden, Otxarkoagan, Santutxun, Erriberan eta Bilboko beste hainbat auzotan ere–, ehunka pertsonen borondatezko lanaren emaitza dira. Ehunka lagunek parte hartzen dute jai batzordeen inguruan, eta haien ekarpena funtsezkoa da bizitza komunitarioan.
Jai batzordeak auzoetako kultura eta bizikidetza sustatzeko ezinbesteko eragileak dira. Auzoarekiko eta herriarekiko duten konpromisoari esker, herri adierazpenak bizirik mantentzen dira, tradizioa eta berrikuntza uztartuz. Horregatik, festak ez dira ospakizun soil bat, herri identitatearen eta elkarlanaren adierazpena baizik.
Beraz, ulergaitza da jai batzordeek auzoetako jaiak antolatzeko hainbeste traba izatea.
Oso garrantzitsua da jai batzordeek beharrezko baliabide ekonomikoak izatea eta jarduerak antolatzeko baldintza egokiak bermatzea. Baina ez hori bakarrik, burokraziak eta oztopo administratiboek ez lukete auzoetako jaiak eta bizitza kulturala mantentzea zaildu behar. Gure auzoetako jaiak ezin dira urtero kinka larrian egon: espazio publikoaren erabilera, baliabide materialak, ordutegiak… Udalak jai batzordeekin lankidetza sustatu beharko luke, euren lana errazteko eta komunitatearen parte hartzea sendotzeko. Azken batean, jaiak ez dira soilik aisialdirako aukera bat; auzoen kohesioa, herritarren aktibazioa eta tokiko kulturaren transmisioa ere sustatzen dute.
Trabak jarri beharrean, jai batzordeen lana babestu eta aitortu behar da. Haien ekarpena funtsezkoa baita herri kulturaren etorkizunerako. Gure herriaren etorkizunerako.