Bilbotar askok hilero diru-sarreren herena baino gehiago bideratzen dute etxebizitzara, eta horrek prekarietate eta pobrezia-arriskua areagotzen ditu. Gero eta gehiago dira hiria utzi eta inguruko herrietan bizitzera behartuta daudenak, batez ere gazteak; euren bizi proiektuak garatu ahal izateko beste herri edo hiri batzuetara jo behar dutenak.
Baina kontuz: tentsionatutako eremu izendatzea ez da helburua bera, abiapuntua baizik. Eta abiapuntu horrek ez du ezertarako balioko, atzetik ekintza zehatzik eta inbertsio sendorik ez badago. Oraingoz, ekintza plana berandu dator eta diskurtso huts bihurtzeko arriskua handia da. Hitzek ez dute etxerik ematen.
Hori horrela, ausardia politikoa ezinbestekoa da. Neurri eraginkorrak hartu behar dira: alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza biderkatu, alokairuen prezioak mugatu, etxebizitza hutsak mobilizatu, pisu turistikoen hazkunde kontrolgabea geldiarazi eta funts espekulatzaileei zergak ezarri.
Baina oraindik ezin da ezta alokairuaren prezioa mugatu, Erreferentziazko Prezioen Indizea ez delako indarrean jarri. Eta zergatik ez da egin? Aldundiak ez dituelako datuak ezagutzera eman. Administrazioen arteko pasibotasunak izugarrizko kaltea eragiten die herritarrei, eta atzerapen horiek onartezinak dira, premia hain larriak direnean.
Eta berriz ere, betiko galdera mahai gainean dago: gehiago eraiki ala dagoena babestu? Gobernuaren joera etxebizitza gehiago eraikitzea da, baina merkatu librean eraikitako etxebizitzek ez dute arazoa konponduko. Prezio neurrigabeetan jartzen dira salgai, eta gero eta gehiago dira etxebizitzarekin inbertitu eta espekulatu nahi dutenak.
Etxebizitza ez da luxua, ezta inbertsiorako aukera bat ere ez: eskubide bat da. Eta hiri bidezko bat eraiki nahi badugu, eskubide hori bermatzeko politika ausartak behar ditugu. Ez da nahikoa promesekin; ez da nahikoa diskurtsoekin. Erabaki politikoak behar ditugu, populismo hutsaren gainetik, espekulazioaren aurkako eta herritarren bizi-baldintzak hobetzeko konpromiso argiarekin.