Ez geunden konforme eta ez gaude ados

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Perea

Ukaezina da: gero eta oztopo gehiago daude jai herrikoiak antolatzeko. Burokrazia, kostuen igoera, araudi zurrunak… eta hori gutxi balitz, orain, “Ticket bai”. Eta ez da kasualitatea: instituzio publikoek, gero eta gehiago, jarduera komertzialak lehenesten dituzte irabazi asmorik gabeko espresio kolektiboen gainetik.

Espazio publikoa ere —denona den hori— pribatizatzen ari dira. Aisialdia merkantilizatu dute, eta irabazi asmorik gabeko dinamiketan aritzen direnei trabak baino ez dizkiete jartzen. Bilboko udalak ere, espazio publikoa erabiltzeko baldintza gero eta zailagoak ezartzen ditu, maiztasun handiagoarekin gune horiek ekitaldi pribatu eta ordainpekoen esku uzten dituen bitartean. Jai herrikoiak, aldiz, administrazioaren mesfidantzaren eta kontrolaren jomuga etengabean daude.

Euskal Herriko jai eredua ez da berria. Herritik sortutako ekimena da, milaka lagunen lan boluntarioarekin osatua, eta urteetan zehar egindako ahalegin kolektiboari esker eraikia. Jai herrikoiak ez dira soilik festak; herrigintza dira, harremanak, saretzea, borondatezkoa den ekintza politiko eta kulturala. Ez dago interes ekonomikorik, ez delako etekin ekonomikorik bilatzen. Eta hori da, hain zuzen ere, instituzioak deseroso sentiarazten dituena. Merkatu logiketatik at dagoen guztia susmagarri bihurtzen da.

Duela gutxi Donostiako Piraten, Gasteizko Txosnen eta Bilboko Konpartsen ordezkariek esan zuten bezala, ondo pasatzea kontu serioa da, eta jai herrikoiak horren erakusgarri dira. Urtero erakusten da posible dela profesionaltasun osoz herritik eta herriarentzat sortutako jaiak antolatzea, diruaren logika hutsari uko eginez. Eskerrik asko bihotzez guzti-guztiei.

Baina jai eredu hori gaur gaurkoz arriskuan dago. Euskal Herriko memoria kolektiboaren parte diren jaiak arriskuan daude. Ezin dugu onartu ekitaldi handien parean jartzea, antolatzaileak ez dira promotore komertzialak: herritarrak baizik, auzokideak, boluntarioak.

Horrenbeste jai herrikoi, festa autogestionatu edota elkartasun ekitalditan kontzertuak eskaini zituen Siroka taldeak abesten zuen moduan: “ez geunden konforme eta ez gaude ados”. Ezin dugu onartu eta ez dugu onartuko. Gora jai herrikoiak!