Klima-aldaketa ez da etorkizuneko kontu bat: dagoeneko hemen daukagu, eta gure egunerokoan sumatzen ari gara. Adibide bat: gaurkoan fresko apur bat sentitzen badugu ere, joan den astean Bilbon 40 gradutik gora geneuzkan termometroan. Uda honetan gure hirian inoiz erregistratutako tenperatura maximoa gainditu dugu, 43,6 gradura helduz. Proiekzioen arabera, gainera, 2050erako aste osoko bero-boladak ohiko bihurtuko dira, 38 gradutik gorako tenperaturekin, eta, tarteka, 50 gradura hurbilduz. Ez da txantxetako kontua.
Eta bero horrek baditu ondorio latzak. Beroari buruz ari gara baina hona hemen hotz uzten gaituen datu bat: ekainaren 1etik irailaren 18ra bitartean, 124 pertsona hil dira beroaren eraginez EAEn, eta horietatik 84, Bizkaian. Hemen beste datu bat: Londresko Imperial Collegek argitaratu duen ikerketa baten arabera, uda honetan Bilbon beroak eragindako heriotzen %63a klima-aldaketaren erruz gertatu dira.
Edozein kasutan gauza bat argi dago: beroak ez gaitu denok berdin kolpatzen. Egoera zaurgarrienean daudenek sufritzen dute gehien: adinagatik, osasunagatik edo egoera ekonomikoagatik. Beroak neurri batean edo bestean zelan kolpatzen gaituen ere klase kontua da. Pentsa, oporrak hartu eta ihes egiteko aukerarik ez duten milaka pertsona geratzen dira udan Bilbon. Irakiten dagoen lapiko batean harrapatuta.
Zelan da posible igande eta jaiegunetan babesleku klimatikoen erdia itxita egotea? Eguzkiak jai hartzen du igandeetan, ala? Zelan da posible bero bolada betean parkeetako txorrotek ez funtzionatzea? Zelan da posible egun beroetan haurrek eskolako patioan ezin jolastea itzalik eta berdegunerik ez dagoelako? Zelan da posible langileek eguzkipean lanean jarraitzea 40 gradu daudenean?
Hiriak bernaturalizatu behar ditugu. Ez da soilik itzal gehiago edo zuhaitz batzuk jartzea (ondo etorriak guzti-guztiak), baizik eta benetako estrategia bat martxan jartzea, gure kaleetan beroa arintzeko, bizi kalitatea hobetzeko eta Bilbo benetan bizigarria izateko.