(In) justizia patriarkala ez da salbuespena, araua da

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Perea 2025ko urr. 27a, 11:01

Duela urtebete, Bilbon, Izaro bortxatu egin zuten. Sistemak dioena egin zuen: salaketa jarri zuen. Sistemak erantzungo zuelakoan zegoen. Baina justiziarako bidea izan behar zuena, amesgaizto bihurtu zen.

Epaileak, eskatutako neurri kautelarrak ukatzeaz gain, bere hitza zalantzan jarri eta erruduntzat jo zuen Izaro. Babestu beharrean, epaiketa berri baten mende jarri zuen: hitz egitera ausartzen diren emakumeei patriarkatuak egiten dien epaiketa morala.

Teorian eutsi behar zuten erakundeek abandonatu egin zuten. Ertzaintzak bere kasua filtratu zuen eta hedabideek morboarekin eta titular sentsazionalistekin, enpatiarik gabe, lau haizeetara berria zabaldu zuten. Esposaketa publikora bultzatu zuten, erabili zuten, albiste bihurtu zuten.

Bitartean, Udalak purplewashing-a egin zuen. Esaldi eta promesa hutsez betetako komunikatu bat argitaratu zuen, baina ez zen inoiz Izarorekin harremanetan jarri. Udalak ez zuen Izaro lagundu.

Bestalde, inork ez zuen zerbitzu espezializatuetara bideratu. Zertarako balio dute konpromiso instituzionalek, emakume batek laguntza behar duenean sistemak nondik hasi ere ez badaki?

Izaroren istorio hau ez da salbuespena: araua da. Emakumeei behin eta berriz huts egiten dien sistema patriarkal baten erretratua da. Salaketa jartzea eskatzen diguna, baina ez duena gure segurtasuna bermatzen. M8ko karteletan "sinesten dizugu" esaten duena, baina komisaldegira, epaitegietara edo hedabideetara iristen garenean abandonatu egiten gaituena.

Erantzukizuna ez da inoiz biktimarena. Karga ezin zaio erasotua izan denari ezarri. Erantzuna integrala, feminista eta erreparazioan oinarritua izan behar da, ezin da burokrazian, ezta ikuskizunean ere oinarritu.

Erakundeek emakume bat berbiktimizatzen duten bakoitzean, sistemak haren minak ez duela axola esaten digu. Gure hitzak gutxiago balio duela. Gure bizitza bigarren mailakoa dela. Eta hori ere indarkeria da.

Ez dugu prentsa-ohar gehiagorik nahi, ez isilunerik, ezta kanpaina hutsik ere. Funtzionatuko duten protokoloak nahi ditugu, indarkeria matxistari buruzko prestakuntza duten epaileak, etikaz jarduten diren hedabideak, lagundu egingo gaituzten eta sinistuko gaituzten erakundeak. Justizia erreala, feminista eta erreparatzailea nahi dugu.

Babestu behar gaituen sistemak ezin duelako arazoaren parte izaten jarraitu. Justiziak ere erasotzen gaituenean, ez dagoelako justiziarik.