Agur, Uriola. Agur, Prest!

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Perea 2025eko abenduaren 5a

Bilboko Uriolak eta Deustualdeko Prest! aldizkariak euren jarduna etengo dutela jakitea kolpe latza izan da euskaltzaleontzat. Bi komunikabideak ezinbesteko arnasgune izan dira urte luzez, bai Deustualdean, baita Bilbon ere. Hauen presentziak ez ezik, hauen jardunak sortutako ekosistemak ere balio handia izan du gure hirian, eta horrelako hutsune bat berriro betetzea ez da erreza izango.

Ekarpena ezinbestekoa izan da. Euskara hegemonikoa ez den eremu batean euskarazko komunikabideak mantentzea ez da soilik lan profesional baten emaitza; konpromisoaren seinale da. Uriolak eta Prest!-ek erakutsi dute posible dela, baldintza zail guztien gainetik, euskaraz jardun eta komunitate euskaldunari begirako proiektua sostengatzea. Horregatik, itxiera hau ez da bi hedabideren galera hutsa: Bilboko euskararen arnasguneetako baten kolapsoa ere bada.

Ez dezagun testuingurua ahaztu. Gaur egun euskarak bizi duen unea bereziki gogorra da. Euskararen aurkako oldarraldi judizialak ez du etenik. Erdalduntze makina martxa bizian sentitzen da: euskaldunon presentzia eta hizkuntz eskubideak urratzen diren bitartean, euskaraz bizitzeko aukerak ukatuak izaten ari dira. Administrazioen aldetik etengabe entzuten diren adierazpen baikorretatik harago, ez da sumatzen euskararen aldeko apustu sendo, erreal eta estrategikorik. Eta guzti hau gutxi balitz, zerrenda honi gehitu behar zaizkio azken hilabeteetan Berbaizu Euskara Elkarteak jasandako lapurretak: erasoa ez da soilik materiala, komunitate oso baten ahaleginari egindako kolpea baizik.

Horrelako testuinguruan beraz, Uriola eta Prest! bezalako proiektuak itzaltzea ez da albiste isolatu bat. Egiturazko arazo baten sintoma da. Egoera zaila da, hori ukaezina da. Baina euskararen alde lanean jarraituko dugu: badakigu bidea ez dela erraza izango, baina euskararekin batera herri bat dugu irabazteko; bada hori, zalantzarik gabe, borrokarako arrazoia.

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Uriola eta Prest! posible egin duzuen guztioi: kazetari, kolaboratzaile, boluntario, harpidedun eta irakurle guztiei. Egin duzuen lanak fruituak eman ditu eta komunitate oso baten memoria eta esperientzia aberastu du. Zuon ahalegina ez da alferrikakoa izan. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!