Idaztea gustoko dudala diot beti. Oraingoan baina, edozeri buruz idazteko aukera eman eta zuri geratu naiz.
Errazenera jo dut. Momentuan gertatzen ari denen jarri dut begia, tartean, euskararen alde egin zen Bilboko azken agerraldian. Ordenagailua ireki eta dokumentu berri bat sortu dut, baina konturatu naiz ezin naizela hortaz jardun, ez naiz euskararen egoera orokorraz hitz egiteko adina jakintsu. Ordenagailua itxi dut. Hala ere, gaiari bueltak ematen jarraitu dut eta, halako batean, euskararekin zerikusia duen zerbait otu zait: EHUn euskaraz ikasten dudan honetan, hizkuntzak hezkuntzan duen papera.
Hasieran, egokitze egunak izango zirelakoan, normaltzat hartu nuen bi hizkuntzak tartekatzea klase batzuetan. Azken finean, egokitzen ari ginen, leku desberdinetatik gentozen. Gerora baina, ohikoa bihurtu zen matrikulatutakoa ez den beste hizkuntza batean jasotzea hasierako hizkuntza hortan jaso beharko genukeen jakintza.
Ikasteko ezinbestekoak diren euskarriak beste hizkuntza batean eskaintzen zituztela ohartzen hasi nintzen. Unibertsitatearen euskarri falta izango zelakoan nengoen, pare bat aldiz gertatu zen, ez neukan zertan arduratu esaten nion neure buruari. Baina egoerak ez zuen hobera egin. Ikasgaiaren azalpenak ez ulertzera iritsi naiz eta ez materia zaila zelako. Zaila zena irakasleak erabilitako estruktura gramatikala zen.
Tristea eta harrigarria dirudien arren, azalpenak entzun bitartean, gure buruan buelta ematera edo aditzak ondo jokatzera ohitu gara, esaldiak zentzua izan dezan. Galdera bat hiru aldiz errepikatu ondoren, azkenean, beste hizkuntza batean egitea onartu behar izan dugu. Aitzitik, ez duzu beharrezkoa den informazio jasoko. Askori oroitzapenak ekarriko dizkion itzultzaile neuronala dirudigu batzuetan, itzulpenak egiten egunero.
Baina bueno, zertarako kexatu? Hau (oraindik ere) gure hizkuntza bigarren maila batean kokatzen duen beste adibide bat besterik ez da, zer egingo diogu.