Bai, urteko azken festa hauek zirraraz bizi dituen pertsona horietakoa naiz. Betidanik gustatu izan zaizkit eta ilusio berarekin bizitzen jarraitzen ditudala aitortzen dut. Maite dut urteroko argi berdinak pasa den urtekoak baino politagoak direla esatea, lehengusu txikiarekin batera gabon kantak abestea familia guztiaren aurrean amonaren propina jasotzeko (nahiz eta ia 20 urte izan) eta nola ez, tripa bete beteta izanda izebari beste platerkada bat jartzeko eskatzea.
Baina hau ez da igande arratsaldetako pelikula erromantiko horiek bezalakoa, dena ez da hain polita. Bada zerbait urteen poderioz geroz eta gehiago entzuten dudana, beno, eta sentitzen dudana: "Horrelako bazkari bat eta gero, korrika egitera joan beharko dut dena jeisteko", "bi egunetarako bazkaldu dut jada", etab. Oinarrian: "Ez, eskerrik asko, baina zaintzen ari naiz ".
Bada, nire zintzotasun guztiarekin zerbait gogoraraztera nator eta barkatu diezadala desira osasuntsuak ditugula soilik antzezten duen gizarte honek. Badaude momentuak non niri bonboi batek olo eta datilez eginiko gaileta batek baina gehiago zaintzen nauen, non txokolate bero batek barazki pure batek baino hobeto egiten didan.
Honekin ez dut ukatzen osasuntsu jatearen garrantzia, guztiz kontrakoa. Soilik azpimarratu nahi dut denerako momentuak daudela eta uste dut Gabonak norbait zaindu behar bada, familia zaintzeko unea direla, ez norbera.
Hau gogorarazita, pasa ditzagula Gabon zoriontsu batzuk, maite dugun eta digun jendeaz inguraturik eta, batez ere, momentuan gura duguna janez.