Beti egiten dut bide bera etxera joateko, beti kaskoekin. Lehengoan baina, ez nituen kaskoak. Lehen minutuan unibertso hontako norbanako oro madarikatu banuen ere, orain eskerrak ematen dizkiot kaskoak ez izateari, izan ere, izatekotan ez nuen entzungo esaldi hura; ez nuen entzungo orain filosofiatzat hartu dudan esaldi hura.
Agian batzuentzat eguneroko pasarte arrunt bat izango da baina niri pentsatzen utzi nau, batez ere azken esaldiak. Emakumeari irribarre egiten diodan bitartean, barrutik harrotasun sentsazio bat hasi zait igotzen. Harrotasuna gure aiton-amonengatik.
Askotan kanpora jotzen dugu heroien bila. Zein den zure erreferentea galdetzean ohikoena mundu mailan ezaguna den iraultzaile, borrokalari, politikari edo aktore bat esatea da. Ez dakit ongi honen arrazoia zein den, agian intelektualarena da Kubako Iraultzan borroka egin zuen bat aipatzea? Agian alternatiboarena da greziar filosofo bat esatea?
Gure herriak historian zehar jasandakoak ezagutu ondoren, ez dut uste baina beharrezkoa denik kanpora begira jartzea heroi horiek aurkitzeko. Ez daude hain urruti. Hamaikak eta bi igaro ondoren, oraindik indarra dute kalera atera eta osasun zerbitzu publiko baten edo (merezitako) pentsio duin baten alde aldarrikatzeko. Hamaikak eta bi igaro ondoren, eta osasunez kili-kolo egonda ere, oraindik gauzak konponduko direlako esperantza dute. Sinisten dute guretzako mundu hobeago bat utziko dutela.
Hitz gutxitan, kroketa goxo horien edo neguan hain ondo sartzen diren zopa horren errezetaz gain, uste dut badugula zer ikasia eurengandik.