Hasieran pentsatu dut ideia ona izango zela geroz eta gertuago dauden haustekundeen inguruan egitea eta gainera gazteekin erlazionatzea. Guau. Bai, hori da, pentsatu dut nire buruan, zein ideia desberdina eta irautzailea. Baina nor engainatu nahi dut? Noiztik da zerbait ezohikoa gazte bat politikaren inguruan hitz egiten aritzea? Are gehiago, gazte euskaldun bat politikaren inguruan? Gai komodina dela esango nuke, eta gehiago Euskal Herrian.
Gero, sare sozialetako erabiltzaile (sutsu) bezala, aste hontako polemiken inguruan idaztea pentsatu dut. Izan dira pare bat esanguratsu: Dulceidaren haurdunaldia, La Pijari erori zaion hate-a, Rosalia eta Hunter Schaferren erlazioaren aitorpena...Zer-esana eman dute hori argi dago. Baina gero konturatu naiz ez dakidala hainbeste horiei buruz aritzeko. Gainera, berria al da gazte bat sare sozialen inguruan aritzen ikustea, beretzat hori balitz bezala gaurkotasuna?
Ondoren Aste Santuan ikusitako pelikula baten inguruko ikusputua emango nuela bururatu zait, “El maestro que prometio el mar” (oso ona, ikusi), eta hori, ikasle bezala, irakasleekin izandako esperientziekin lotu. Baina klaro, Berriako Ekografiak zutabearen imitazio bat egitearen beldur, atzera bota naiz. Gainera, noiztik da ezohikoa ikasle bat irakasleen eta ikasgaien inguruan kritikatzen aritzea? Zer du original unibertsitatearen sistemaren trapu zarrak ateratzeak?
Gero, nire confort eremutik piska bat aldenduz, egun hauetan gehien entzuten ari naizen bi hitzen inguruan aritzea pentsatu dut: Athletic eta Gabarra. Baina gero ohartu naiz ez dela ez originala, ez nire gustokoa, izan ere, batetik, ez dut futbola gustoko eta bestetik, uste dut badaudela nahiko iritzi jada futbola eta horrek mugitzen dituen masen aurka. Ez dut uste zerbait desberdina denik esatea mundua justoagoa izango zela jendeak futbolari jartzen dion arreta guztia beste gauza batzuei jarriko balie.
Eta orduantxe ohartu naiz gaur egun zer nolako presioa dagoen desberdina, ezohikoa, originala izatearekin. Lehenengoa izan nahi dugu denetan eta askotan ez dakigu zeinen aurka ari garen ere.