Duela gutxi jaitsi nuen X. Orain arte ez nuen ulertzen eta ez nion graziarik aurkitzen. Barkatu espresioa, baina helduentzako sare soziala iruditzen zitzaidan. Ikusita baina lagunek ere bazutela, kontu bat sortu nuen jakin gabe oso ondo nola funtzionatzen zuen. Pixkanaka baina, ari natzaio trukoa hartzen; ez dago gaizki aizu!
Beste egun askotan bezala, kalean nenbilela, ingurura begiratu ordez, hamar txioko hari batean murgilduta nindoan. Hara non eta halako batean, gelditu egin behar izan nintzen kalearen erdian, zur eta lur gelditu nintzelako ikusten ari nintzenarekin.
Bi argazkiren alderaketa bat zen. Ezkerrean, hain ezaguna den pasa den mendeko neska vietnamdar errearen argazkia, txuri-beltzean. Eskubian, adin berdineko neska gazatar erre bat ospitaleko ohean. Txioak halako zerbait zioen: “ezkerrekoa mila bider ikusi duzu, eskubikoa aldiz inoiz ez eta mila bider gertatzen ari da”. Gazako irudiak behin eta berriz ikusten baditut ere, honakoa izugarria iruditu zitzaidan, eta ez hitzaren zentzu onean.
Egia da hilabeteak daramazkidala gai honi buruz idaztearen ideiari bueltak ematen baina ez nuen nahi, iruditzen baitzitzaidan oso mamituta zegoela, topiko hutsa zela. Ironikoa oso, nola genozidio baten inguruan idatzi eta aritzea hain ohikoa bihurtu den, baina aldaketak iritsi gabe jarraitzen duten. Badirudi hitzak airean gelditzen direla, edo norbaitek ezkutatzen dituela.
Txiora itzuliz, harrigarria da; noiztik da biztanleriaren erdiarentzat (edo gutxiagoarentzat) babestua eta defendatua izatea oinarrizko eskubide bat eta beste erdiarentzat pribilegio bat? Ez ahal da nahikoa bonbardeatua, torturatua, bortxatua izatea eta hamaika sufrimendu gehiago jasatea laguntza jasotzeko? Zer gehiago jasan behar du Gazak mundua lozorrotik esnatzeko?
Benetan kafkianoa da egoera hau, “Gosearen jokuak” filma dirudi honek: entretenimendu bezala genozidio bat duen gizartea gara. Azken MET gala ikusi besterik ez dago, nazkatzerainoko dirudunak urteko 859686. alfombra gorria zapaltzen Gazako kaleak kolore berdinaz tintatzen diren bitartean.
Lotsa sentitzen dut eta ez dut jakin nahi etorkizunekoek zer pentsatuko duten genozidio baten aurrean munduak izan zuen pasibotasunaz.