Komunitatea

Zerotik hasi

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Iza 2024ko ira. 11a, 11:36

Argazkia: Artxibo irudia (Unsplash)

Urte berri on. Bai, badakit ez gaudela urtarrilean, baina askorentzat iraila urte berri bat hastea bezala izaten da. Zerbait bukatu delaren seinale da sandalien ordez zapatilak janztea edota jertsea eskuan ateratzea gero freskatu egiten baitu (beno, hau Euskal Herrian urteko edozein egun izan liteke).

Behin oporrak amaituta, tristuraz gehienak eta gutxi batzuk gogotsu, berriro ere errutinara itzultzen gara. Honela, jendez betetzen dira liburu-dendak, ea nork aurkituko agendarik politena, koloretsuena, minimalistena, egokiena, merkeena. Beste behin ere kontsumismoan erori gara malenkoniari aurre egiteko?

Agenda erosi eta hura norberaren gustura antolatu eta apaintzearena ez da ekintza estetiko soil bat baina. Horren atzean bada zerotik hasteko nahi bat. Udan jan ditudan litxarreria denak ahaztu eta berriro hasiko naiz osasuntsu jaten, enegarrenez probatuko dut brokolia eta enegarrenez eta bat konturatuko naiz ez dudala gustoko. Udan egin ez dudan kirol guztia ahaztu eta hemendik aurrera goizero korrika egitera irtengo naiz.

Badu zerbait irailak bai. Zerotik hastearen nahia edonork izan dugula noizbait zin egingo nuke. Ziur nago Rebecca Cheptegei desiratzen zegoela entrenamenduekin hasteko hurrengo Joku Olimpikoetarako, baina ezin izango du. Ziur nago Giséle Pelicot desiratzen zegoela bere bizitza lasaiarekin jarraitzeko, oporretara joateko agian, baina ezin izango du. Eta ziur nago Afganistaneko neska gazteak desiratzen zeudela unibertsitatean hasteko eta ikasitakoa ingurukoei kontatzeko, baina ezin izango dute.

Emakume hauek bezela, beste hainbestek ere ezingo dute zerotik hasi, ezingo dute gertatutakoa ahaztu eta aurrera egin bizi garen sistema patriarkalak atzera egiten jarraitzen duen bitartean. Beraz, errutinara itzuli nahi badugu ere, ez ditzagun ahaztu gertatutakoak.