ZUTABEEN ATZEAN EZKUTATZEN DENA

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Iza 2024ko urr. 15a, 09:50

Duela urtebete idatzi nuen EHUn euskarak duen presentzia eskasa dela askotan. Askorako ematen duen eztabaida da eta luzez hitz egin nahiko banu ere, ez da irekita dagoen auzi bakarra. Kasualitatea edo ez, urtebete beranduago maitasun-gorroto erlazio dudan Unibertsitateaz hitz egitera nator, berriro ere.

Ez naiz ni orain izango ilargira iritsi den lehena. Kobazulo batean bizi ezean, jadanik denek dakite duela pare bat aste Leioako kampuseko Zuzenbideko fakultatean gertatuakoa. Euskal Herriko mugak ere gainditu ditu ikaslez lepo ageri den kontzentrazioaren bideoak. Ileak puntan jartzen dituen horietako da, askoren ahotan ikaragarria elkartu den ikasle kantitatea.

Beste behin ere, argi gelditu da Unibertsitate hau ikasleen borrokarik gabe ez litzatekeela aurrera aterako. Duela egun batzuk BERRIAn Goizane Vegasek esan bezala, bereizketak bereizketa, Euskal Herriak baditu faxismoa geldiarazteko tresnak. Kezkagarria bihurtzen da faxismoaren aurka eta giza eskubideen alde egotea eta egitea zer den erakutsi beharko lukeen instituzio bera, korronte eskuindar horien pausuen atzetik doanean eta irakasleari, ikasleak erakutsi behar dionean mundu duin eta aske bat nola eraiki behar den.

Bai, ikaragarria da elkartutako jendetza fakultateko plazan. Baina iruditzen zait kontzentrazioaren irudiekin batera, ikusgarritasun bera edo gehiago behar duen datu sinple bat gainetik pasatzen ari garela, hau dena ahalbidetu zuen kausa. Beraz, hobeto esanda: Ikaragarria da (teorian) Unibertsitate publiko euskalduna dena postu bat eman izana irakasle eskuindar faxista bati.

Beste behin ere, kolokan jarri dira Unibertsitatearen oinarrizko zutabeak. Eta beste behin ere argi ikusi da antolakuntzarik gabe gauzak ez liratekeela aldatuko. Nakarrek esango lukeen bezala, epelkeriak ez garamatza inora, utzi sareetan erortzeari eta izan sare.