ETA ABESTIZ ALDATZEN BADUGU?

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Iza 2024ko aza. 11a, 10:56

Herriak bakarrik salba dezake herria. Salba dezake herria. Salba dezake herria. Herriak bakarrik. Horrela amaitzen da Berri Txarrakek KOP taldearekin batera egindako “”Sols el poble salva el poble” abestia. 2010ean argitaratu zen. Egungo musikaren industriaren abiadura ezagututa, ahaztuta egon beharko lukete letra hauek jadanik baina azken egun hauetan inoiz baina gehiago entzuten dira.

“Sols el poble salva el poble” janari bilketa baten mahaiko kartelan. “Sols el poble salva el poble” belaunetaraino lokaztuta dauden herritarren argazkia erakusten duen Instagrameko post batean. “Sols el poble salva el poble” hamabi ordu jarraian lanean daramaten lagun talde baten bideoan. “Sols el poble salva el poble” Paiportako etxe bateko paretan lokatzarekin idatzirik.

Astearte gau hartan urak bezala, lehengo asteko asteazkenetik laguntza uholdeek hartu dute Valentzia. Etxerik gabekoei ostatua eskaini, janaria eraman ezinduei, lokazturiko altzariak ateratzen lagundu, eta etsipen momentuetan gitarra soil baten doinuan egoera alaitu dute boluntarioek. Ausartuko nintzateke esatera azken urteetako mobilizazio solidario handienetariko bat izaten ari dela Valentziakoa. Eta ez soilik Valentzian, herri guztietan egin direla janari eta material bilketak esango nuke, urrutira joan gabe Bilbon.

Polita da. Hunkigarria. Emozionantea. Txapela kentzekoa. Baina baita lotsagarria ere. Lotsagarria herria atera behar izatera kalera salbatuko ziola zin egin zionak ez diolako salbatu. Lotsagarria amaigabea dirudien errepidea gurutzatu beharra batek, hamar metrora dagoenak, ez duelako laguntzeko keinurik egin. Eta lotsagarria herriaren indarra erromantizatzea goikoen jarrera errudundu gabe. Etxea galtzeak; kotxea apurturik aurkitzeak goizaldean; izerdi eta malko artean aurrera ateratako zure denda txikia galtzeak; ezkontzako argazki albuma urez blaituta ikusteak, eta kasu okerrenean, etxeko ohe bat hutsa gelditzeak gutxi du erromantizismotik.

Herriak bakarrik salba dezake herria. Ondo gelditzen da, poetikoa, baina nik zerbait gehituko nioke: herriak bakarrik salba dezake herriari inork ez baitio lagundu. Edo agian beste abesti bateko letrak erabiltzen hasi beharko ginateke. La Raíz, 2013, “Solo quiero de ti”: Y me has dejado sin presente. Sin futuro y sin pasado.