Komunera joan, hortzak garbitu eta aurpegian supermerkatuko krema merkeena eman duzu. Ez duzu ulertzen baina zuk ere izan nahi duzu skincare errutina bat. “Agian makilatu egin beharko nintzateke”, esan diozu zure buruari. Ez dago denborarik, ordea, eta korrika atera zara autobus geltokira.
Gaurkoan ere ez dago lekurik autobusean eta zutik zoaz. Molestatzen dizu motxilak, berokiak baita ondokoak ere. Iritsi zara, berandu, baina iritsi zara. Betiko leku berdinean eseri zara, betiko botila berdina atera duzu motxilatik eta betiko monotonian murgildu zara. Grisa dago eguna; grisa zure barrua.
Bukatu dira klaseak. “Azkenean”. Autobusean sartu zara eta kaskoen bila hasi zara motxilan. Ez daude, etxean ahaztu dituzu. “Puta mierda”. Zutik jaitsi zara berriro ere. Amaigabea zirudien baina iritsi da zure geltokia. Jende andanaren artetik justu-justu atera zara eta beste behin ere madarikatu egin duzu autobus hori zure begien aurretik joaten ari den bitartean.
Egun erdia igaro da eta oraindik lo jarraitzen duzunaren sentsazioa duzu. Gaur ez da zure eguna. Oinetakoak kendu, motxila utzi eta sukaldera sartzean, baina, zure plater gustukoenarekin topatu zara. Eguneko lehen irria marraztu zaizu aurpegian. Eguzki izpi bat sartu da leihotik eta aurpegian eman dizu bete-betean. Begiak itxi dituzu, “D bitamina, hori ona zen azalarentzat ezta?”, pentsatu duzu.
Nekatuta jarraitzen duzu baina oinetakoak jantzi dituzu berriro eta kalera irten zara. Ez duzu gogorik baina metroa hartu eta lagunak dauden terrazara bidean zoaz. Iritsi zara eta berehala gustuko duzun edaria atera dizute eurek. Ez zenuen gogorik hitz egiteko baina hitzak bakarrik ateratzen zaizkizu ahotik. Irri eta harridura aurpegiekin erantzuten dizute eurek. Zuri ere atera zaizkizu irriak euren istorioak entzutean. Konturatzerako hoztu da kafesnea eta piztu dira farolak. “Nahi dituzue pipa batzuk?”, galdegin du batek. Baten kolonia usaina eta bestearen zigarroaren kea nahasten dira airean. Bete da pipa azalez katiluetako baten platertxo txiki hura.
Berandu egin da eta bakoitzak etxerako bidea hartu du. Metroan eserita joan zara oraingoan eta kaskoak poltsikoan zenituela ohartu zara. “Connected”, entzun duzu kaskoak jartzerakoan. Spotify aleatorioan baduzu ere, gustuko duzun abestia tokatu zaizu. Ilun dago eguna orain; barrua, baina, argiztatuta duzu.
Kafe bat. Hutsa ta doblea, kafesnea edo Frapuccino kapritxosa bazaude. Kafe bat esnatzeko, espabilatzeko edo gelditzeko. Lagunekin elkartzeko, egunean jartzeko edo mundua aldatzeko bere bueltan. Askorako ematen du kafe batek.