OASI BAT

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Iza 2025ko mar. 27a, 15:59

Grisa dago zerua gaurkoan eta tarteka euria egiten du. Duela pare bat aste sandaliak jantzi nituen eta berokirik gabe atera nintzen kalera. Gaurkoan baina, neguko beroki beltz luze potoloa jantzi behar izan dut berriro ere.

Unibertsitatetik itzultzean, euri zaparrada ari zuen baina ez dit denbora eman aterkia irekitzeko. Beno, edo ez du nahi izan. Berokia buruaren gainetik jarrita banu ere, etxera bidean goitik behera busti naizela ohartu naiz igogailuan sartzean. Normalean berehala egiten dut metrotik etxerako bidea, gaur, ordea, kosta egin zait.

Bezperan egindako tupper-a nuen zain hozkailuan sukaldera sartu naizean. “Beno gutxienez ez dut itxaron behar bazkaltzeko”, pentsatu dut. Jakin gabe oso ondo zergatik, bazkaldu bitartean hondartza/piszina betiko dilemaren inguruan hitz egiten aritu gara etxean.

Bare-bare dagoen itsasoa eta bikiniaren goiko zatia kentzen dizun olatu erraldoia; hozkailu urdin eramangarria jadanik zelo eta guzti duena; kartetara jolasten dena eta palan jokatzea nahiago duena.

Eta bat-batean ez gaude etxean, hondartzan baizik. Bakoitza bere buruan duen hondartzan baina hondartzan. Eguzkiak gure azala berotzen du eta agian erre ere baina ez digu axola, gustora gaude. Goiz esnatu gara hondartzako lehen lerroa lortzeko eta orain, nahigabe begiak ixten zaizkigu goiz guztia baitaramagu toailan etzanik. Noiz-behinka itsasertzean esertzen gara freskatzeko eta ondoko haurrak hondarrarekin jolasten ikusten ditugu.

Horrelako batean mikrouhin-labeko “klin” bat entzun da eta errealitatera itzuli gara. Martxoko asteazken eguerdi hotz bat da eta ordua da mahaitik altxatzeko. Buruan genuen eguzki dirdiratsuaren lekuan hodei grisak daude orain eta bakoitza bere gelan sartu da. Oraindik falta da uda iristeko; kafea izotzekin hartuz konformatuko beharko dugu oraingoz.