KUTSADURA AKUSTIKOA

Erabiltzailearen aurpegia Harrobia Ikastola 2019ko mai. 31a, 12:17
2019ko apirilaren 1ean, Agenda 21en baitan, Harrobia Lanbide Ikastolako Marketin eta Publizitateko ikasleok gynkhana bat egin genuen Ibaiondoko barrutian zehar, geure mugikorreko aplikazio baten bitartez zarata maila neurtuz.

2019ko apirilaren 1ean,  Agenda 21en baitan, Harrobia Lanbide Ikastolako Marketin eta Publizitateko ikasleok gynkhana bat egin genuen Ibaiondoko barrutian zehar, geure mugikorreko aplikazio baten bitartez zarata maila neurtuz. Ekintza geure Lanbide Prestakuntza eta orientabidea atalaren zati bat ere izan zen, lan-arriskuen prebentzioarena, hain zuzen; horrela, prest izango gara burrunbak sortzen duen kalteari aurre egiteko. Neurketak Bilboko lau auzotan egin ziren: Irala, Miribilla, San Frantzisko eta Bilbo Zaharrean, hiriko Udalak martxan jarritako iniziatiba baten ondorioz. Neurketarik altuena Iralako biribilgunean izan zen, 73,80 Db-ekin (zarata maila oso altua), eta baxuena San Anton zubian izan zen, 43,60 Db-ekin. Udalaren ekimen hori oso interesgarria iruditu zitzaigun, eguneroko arazo bat delako, bai ikasten ari garenean, bai irakurtzen ari garenean, bai buelta bat ematera goazenean; baina proiektu hau egiterakoan eta informazioa irakurtzerakoan harrituta geratu gara, hotsak sortutako arazoak uste baino askoz arriskutsuagoak direla ulertu dugulako.


Seguru asko, lantokikoa zarataren parterik gogaikarriena izango da, kontzentratzeko arazoak, efikazia falta, buruko mina… Horiek guztiak zalapartaren ondorio gutxi batzuk baino ez dira, baina normalean oso ondorio superfizialak dira, ezta? Azkenean, harrabots pixka batek ez dio inori kalterik egingo, ezta? Gizartearen aitzakiak asko dira zarata justifikatzeko eta jasateko; azken batean, apur bat gogaikarria besterik ez da, ezta? Zoritxarrez, horren arrisku erreala ez da ezaguna gizartean, 85 dB (A)-rekin lan egitea oso arriskutsua izan daiteke eta arazo ugari sorraraz ditzake, hala nola, gorreria edo hipoakusia (gaixotasun profesional ohikoena dena), acufenos edo hipersentsibilitatea (tinbre-sentsazioa), eta askoz efektu gehiago entzumenarenak ez direnak, esaterako estresa edo depresioa. Langile askok, arotzek, musikariek edo lorazainek, besteak beste, 85 dB-ak gainditu ohi dituzte, eta horiek  lanbide burrunbatsu gutxi batzuen adibideak baino ez dira.


Gaur egun laneko zarata lan-gaixotasunen podiumean kokatua dago; hala ere, badirudi langileek ez diotela garrantzi handirik ematen beraien eguneroko bizitzan. Hain zuzen ere, egunero jasan behar duten zalapartan datza arriskurik handiena; izan ere, makineria, lan-tresnak edo beste  motako zaratak luzaroan entzuteak izugarri kaltetzen baitute. Bestalde, zarata altuak jasotzeak estresa ez ezik, odol-presioak gora egitea eta sistema kardiobaskularra kaltetzea ere ekar lezake, katetxolaminak sortuz. Halako egoeratan entzumena erraz babestu daiteke, kanal auditiboentzako estalki batzuk jarrita, tinpanoak babesteko. Horrez gain, lantegietan edo beste edonolako lan-aktibitatea garatzen den lekuetan beti da gomendagarria, ahal den eremuetan behinik behin, zarata maila murriztea; eta dezibelioak gainditzen dituen lekuetan neurriak hartzea lehentasuna bihurtu beharko litzateke, lan horiek aurrera ateratzeko ardura dutenentzat edo enpresako buruzagientzat.


Entzumen-sistema hondatzeak eragin zuzena du eguneroko bizitzan eta bizi-kalitatean, telebista ez baituzu entzungo bolumen normal batean, umeak jolasten ere ez dituzu entzungo, ezta auto bat zugana datorrenean ere. Horiexek dira arriskurik behinenak lanean ari ez garenean eta ari garenean; esaterako, baten batek argibideak ematen badizkizu ez dituzu entzungo, edo eraikuntza-lanetan ez zara gai izango tamaina handiko ibiligailuak entzuteko, ezta arrisku seinale auditiboak entzuteko ere.


Europar batasunaren arabera, eskulangileak, langile kualifikatuak, nekazariak eta indar armatuak dira gehien pairatzen dituztenak bolumen maila oso altuak. Europar batasuneko estatu berriek meatzaritzan eta nekazaritzan nozitzen dute dunbots portzentajerik altuena, ondoren manufakturaren industria letorke. Gero eta zalaparta altuagoko eremuetan ibiltzen dira gazteak Europako Fundazio batek egin zuen inkesta baten arabera; ikas-prozesuan ziren ikasleek entzuteko arazo handiagoak zituzten 2000. urtean, 1995. urtean baino.


Zaratari dagokionez, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legeak esaten du enpresaburuaren ardura dela lanpostuen ebaluazioa egitea, neurri teknikoak eta programak ezartzea esposizioa murrizteko, arriskuei buruzko informazioa eman behar duela eta langileak kontsultatu behar dituela; baina, zoritxarrez, askotan ez da ematen, eta langile askok oso egoera txarrean egiten dute lan, batik bat arestian aipatu ditugunak: arotzak, lorazainak… Osasun Publikoa ez da aukera bat, behar bat baizik; lehen ikusi dugunez, hotsa oso kaltegarria izan daiteke langilearentzat, baina arazo isila da; ironikoki, zarataren arazoak oso zarata gutxi egiten du gizartean; beraz, bigarren mailako kontua dela ematen du enpresarientzat.


Lantokiko zalapartaren aurrean langileen osasunean neurriak hartzeari lehentasuna eman beharko litzaioke, epe luzera sortzen dituen kalteengatik, eta Europar batasunak, estatuen beste instituzio batzuek edota tokiko administrazioak neurri zorrotzagoak ezarri beharko lituzkete lanean onargarriak diren dezibelioak ez gainditzeko. Bide batez, jarraipen bat egitea  egokia litzateke, muga eta arau horiek betetzen direla egiaztatzeko eta langileek beraien osasun auditiboa bermatuta dutela ziurtatzeko.


Gure ustez, zarata jasatea zerbait barkaezina da eta salatu egin behar da, oso gertutik bizi dugun gauza bat baita; gure gurasoek fabrika batean 20 urte eman dute lanean eta lehenengo pertsonan ikusi ditugu arazo horren efektuak: estresa, lo egiteko arazoak, buruko minak bezalako gaitzek eguneroko bihurtzen dira eta lehenago ohitzen zara zaratara, borrokatzera baino. Hainbeste urte eman dugu bolumen altuarekin ohituta, ezen isiltasuna arraroa egingo litzaigukeen, ama bat bezala bere umearekin, negarrik entzuten ez duenean arduratzen dena, haurrari zerbait gertatuko balitzaio bezala, “aukeran, hobeto txarra eta ezaguna…” Zeinen ona izango litzatekeen lan-baldintzak Photoshop-eko argazki bat bezalakoa izatea, zure kapritxoan eraldatu eta editatu dezakezun zerbait, editatzeko tresna-barran zarata edukitzea, alegia.