Ba Zorrotzaurrekin antzeko gauza gertatzen ari da. Jende ugarik proiektua goraipatu egiten du bukatu baino lehen, Zorrotzaurre berriaren ondorioak zeintzuk izango diren jakin gabe. Bilboko beste hainbat auzok bezala, penintsulak suspertu behar du, hura onuragarria litzateke bai bertako biztanleentzako, baita hiriarentzako ere. Auzoa berpizteko asmoz, babes osoa eman diote herritarrek, instituzioek eta komunikabideek. Aipagarria da Deia egunkariaren kasua, proiektuari estaldura zabala emanez eta kritika gutxi eginez. Baina benetan hain onuragarria izango da eraldaketa auzokoentzako?
Arazoak agertu dira jada. Orain arte egin den azpiegitura bakarra, Frank Geryzubia izan da, auzoko garraiobideak ziurtatzeko asmoz. Deustuko kanaleko obrak ordea geldirik daude egun, eraldaketaren sinboloa alegia, horiek baitira Zorrotzaurre uharte bihurtuko dituztenak. Nerbioi ibaiko ibarrean (biztanleria gehiena bertan bizi da) ere ez dira aldaketa handirik aurreikusten, hortaz, geratzen dena proiektu urbanistikoa da. Azken asteetan Bilboko Udalak 15 milioi euroko laguntzak jaso ditu besteak beste, Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsetik eta diru horren zati handi bat proiektuaren lehen fasean inbertituko dute. Udal gobernuak 21 helegite aztertu eta urte bukaeran hasi nahiko luke lehen fasea; Zorrotzaurreko bi ertzetan eta Deustuibarran egingo dira lanak. Bertan lantokiak zein lurzoru hutsak daude gehien bat eta etxebizitzak eraiki nahi dituzte bertan. Deiak dionez, Babes Ofizialeko 99 etxebizitza, 132 etxebizitza libre eta tasatutako 111 etxebizitza Visesaelkarte publikoarentzat. Jauregizar enpresa izango da eraikinen egilea.
Hau da, Zorrotzaurren auzo berria egin nahi dute, oraingoa hobetu gabe. Horrek gentrifikazioa edota auzoen ‘elitizazio’ prozesua dakar. Tamalez Europako hiri handi guztietan ematen den fenomenoa da hau, garai batean ‘guettoak’ ziren horiek erakargarriak suertatzen dira maila ekonomiko altuagoko biztanleentzat. Auzoen itxura normalean eraberritzen da eta bizitza kalitateak gora egiten du, baina aldaketa ez da homogeneoa izaten biztanleentzat. Normalean bertakoak direnak, are eta isolatuago daude, ezin baitiote aurre egin prezioen gorakadari, gainera ohikoa izaten da auzoak bere nortasuna galtzea.
Bilbon bi eredu argi daude: Bilbo Zaharra eta San Frantzisko kale ingurua. Urtez langileen auzoak izandakoak, auzo bohemio bihurtu dira eta jende ugari erakarri dute, denda berriak ireki dira, ekitaldi kulturalak antolatzen dira… hala ere, funtsezko helburua ez da bete, bertako komunitatearen bizitza kalitatea hobetzea. Bilbo Zaharreko kasuan biztanle askok beste auzo batzuetara alde egin behar izan zuten. Askotan auzo kosmopolita dirudiena, globalizazioaren parte baino ez da.
Babes ofizialeko etxeak eraikitzeak ere ez du ziurtatzen elitizaziorik prozesurik emango ez denik, izan ere, plan urbanistiko zabalek espekulatzeko aukera ere badira. Miribilla auzoa horren adibide izan da ere bai; nahiz eta auzoa berria izan eta biztanleria anitza, kaleratze gehienak bertan eman ziren. Etxebizitzen prezioek gora egin zutenean, hipotekek ere bai eta gerokoak ezagunak dira.
Ukaezina da Zorrotzaurre eta beste auzo batzuk birgaitu behar direla, baina errehabilitazioa biztanleekiko egin behar da eta ez instituzio zein enpresen ideiei kasu eginez. Gauzak horrela, hainbat aferek premia handiagoa dute orain: botiloi parrandak, kaleko argindarra edota uholdeak ekiditeko sistemak besteak beste. Zorrotzaurreko eraldaketa abian da eta geldiezina dirudi, denborak argituko du auzoak bere xarma langileari eusten dion, ala Bilboko auzo hipster berria izango ote den.