Bilbok zer esan asko du horretan, zenbatetan esaten da hiria zeharo aldatu dela azken hiru hamarkadetan. Historian zehar hiriek bi baldintza nagusi bete behar zituzten, jende askorentzako bizilekua izatea eta aktibitate ekonomiko sutsua edukitzea. Bi faktore hauek hiri baten garrantzia neurtzen zuten. Gaur egun ordea beste gauza batzuk eskatzen zaizkio hiriari, berdintasun sozioekonomikoa auzoetan, aisialdi eta kulturarako txokoak… baina batez ere berdeak izatea, garbiak, jasangarriak alegia.
Hiri nekazaritza, jasangarri izateko moduetako bat da; alde batetik hirian gune berdeak eratzen dira eta bestetik, elikadura burujabetasunaren eta ekologikoaren baloreak zabaltzen dira hiritarren artean. Azken urteotan, Bilbon (eta inguruetan) nekazaritza urbanoa asko hedatu da; beti izan dira hiri inguruko magaletan landuak ziren lursail txikiak, baina orain antolakuntza maila handiagoa ikusi daiteke. Afizioz baino, bizimodu aldaketaren ondorioz.
Errekaldeko udal baratzek urtebete egin zuten duela gutxi, eta esperientzia emankor zein aberasgarria izan da auzoarentzat eta bertan bizi direnentzat. Ortuak zozketa bidez eskuratzen dira, bi urterako eta 18-24 eta 65 urtetik gorako auzotarrek lehentasuna dute. Garrantzitsuak dira ere eskolei ematen zaizkien ortuak, izan ere, umeek txikitatik euren janaria ekoizten badute, beste balio bat emango diotelako. Nekazaritzaren garrantziaz jabetu eta kalitatezko elikadura izango dute; hau da, janaria supermerkatuko apalean dagoen produktua baino askoz gehiago dela ikasten dute.
Proiektu honen arrakasta ikusita, Bilboko Udala tankerako baratzak prestatzen ari da Otxarkoaga-Txurdinagan. Helburua berdina izango da, periferiako auzoak suspertzea. Baldintza bi dituzte ekoizleek: landatutakoak ez saltzea eta nekazaritzaren onuren igorle izatea. Argi dago egitasmo polita dela, baina elikadura burujabetzaz hitz egin daiteke udaletxeak lan guztia egin duenean? Elikadura burujabetza gizartearen elkarlanean oinarritzen da hein handi batean, gizartetik dator eta gizartearentzat da. Iraunkortasun eta kalitatezko elikaduraz gain, gizartearen antolakuntzan eta autogestioan datza, instituzioekiko eta batez ere, enpresekiko ahalik eta menpekotasun txikien izanda. Bizitzeko beste modu bat da beraz, apalagoa eta umilagoa akaso, egungo kapitalismo bortitzarekin talka egiten duen eredua. Bilboko kasuan gainera, Udalak sustatutako ortuak izugarri garestiak dira, 200.000 euro inguru Udalberri koalizioak iaz adierazi zuenez. Ia pentsaezina da hain beste diru xahutzea lursail batzuk laborantzarako egokitzen, diru publikoa nola ez. Diru hau nola kudeatzen den gainera, misterioa da erabat.
Hala ere, badira alternatibak Bilbon bertan; hiri laborantzan oinarritzen dira, baina instituzioen parte hartzerik gabe. Uribarri auzoko Lezamako bide zaharreko magal batean lurra lantzen hasi ziren hamarnaka lagun 2011an eta gaur egun elikadura alternatiba eraiki dute Bilboko erdigunetik 10 minutura. Desazkunde bilguneak sustatuta, hasierara bueltatzea proposatzen diote nahi duen orori; horrek ez du esan nahi atzera egiten denik baizik eta, ekintza zuzenera buelta egiten dela. Elikatzeko prozesuan bitartekariak ekiditea da helburua, hauek baitira gainkostu ekonomiko gehien eragiten dituztenak, sistema kapitalista indartuz.
Hortaz Uribarrin proposatzen dutena uhaza eta azenario batzuk landatzea baino askoz gehiago da, ikasketa prozesua da, beste bizimodu batzuk ikusaraztea. Desazkunde bilguneak, hiru oinarri azaltzen ditu bere webgunean (http://auzo-baratza.weebly.com/)
- Aisialdirako kontsumorik gabeko eremu bat eratzea.
- Nekazaritza ekologikoaren inguruan ikastea.
- Kimikorik gabeko kalitatezko elikagaiak ekoiztea.
Bilgunetik hiri nekazaritzan interesa duen orori hurbiltzeko deia egiten diote, igande goizetan aurretik aipaturiko helbidean biltzen baitira.
Denok gara nekazari
Artikulu honek ez du utopia proposatzen, argi dago ezinezkoa dela hiri handi batek behar adina elikagai ekoiztea. Baina ez da beharrezkoa burujabea izateko (elikadurari dagokionez noski), hiri laborantzaren asmoa bizimodu jakin baten oinarriak ezartzea da. Elikagaiak zer diren jakitea, eredu industrialaren atzean dagoena zer den jakitea eta bide batez hiriak eta landa guneak hurbiltzeko modua ere bada. Askotan herri txikietara begiratu gabe bizi baita jendea, neurri handi batean kapitalismoak ospe ona zeharo kendu diolako lehen sektoreari.
Nekazaritzan, abeltzantzan edota arrantzan aritzea, atzerakoia da, tuntunentzako eta lan gogorregia, hori dio bertsio ofizialak eta horrenbestez hiri eta herriek bizkarra eman diete baserriei. Baina elikatzeko gaitasunik ez duen herriak, aukera gutxi ditu benetan burujabe izateko. Argi dago, baratza gutxi batzuek ez diotela kalterik egingo laborantza industrialari; baina Think global act local doktrinari jarraiki, herri bakoitzak ortu komunitarioa edukitzeak gauza asko aldatu ditzake, batez ere jendearen kontsumo ereduari dagokionez.
Hortaz hiriko edozein magal, lurzoru ala pentze egokia izan daiteke elikadura alternatiba eraikitzeko. Baina ortuez haratago joan beharko litzateke, terrazak lorategi bihurtuz edota instituzioei exijituz eskola bakoitzak baratza propioa edukitzea. Udalak hiritarrei antolatzen lagundu behar die tramite eta baimenak erraztuz, eta ez hiritarrei dena emanez. Bilboko auzoetara Euskal Herriko baserrien parte bat ekartzea lortzea garaipen handia izango da. Izan ere, benetan arraroa dena da, 4000 kilometro egin dituen tomatea erostea eta ez Bilboko magaletan hauek landatzea.