Autonomia betetzen denean, zerbait garrantzitsua gertatzen den seinale da, duela bi aste esteladek pista handia eman zuten. Bihar ziur asko ere bai. Mobilizazioa eta aldarria, biharkoa demokrazia hutsa izango da.
Milaka lagun bildu dira Kataluniako galdeketari elkartasuna adierazteko eta erabakitzeko eskubidea babesteko; baita Euskal Herriarena ere. Ez da gutxiagorako, halako data garrantzitsuaren atarian, Kataluniak jende ugariren babesa duela jakin behar duelako. Bereziki, haien kontrako kanpaina mediatiko ziztrina bizitzen ari diren momentuan. Ez du pena merezi artikulu honetan mobilizazioaren nondik norakoak azaltzea, albiste ugari argitaratu dira jada. Bai ordea hainbat medioen jarrera ankerra salatzea, bereziki medio kontserbadoreena, ia denena beraz. Gertakaria nahiko argia zen duela bi aste; milaka lagun, galdeketa eta independentzia prozesua babesten. Gustukoa izan daiteke ala ez, baina hori izan zen gertatutakoa. Hori ordez, bertaratu ziren hainbat politikari izan ziren albistea eta garrantzirik gabeko beste gai batzuk. Ikusmira beste leku batera eramatea da estrategia. Oraingoan Euskal Herriaren oreka arriskuan jartzea egotzi diete antolatzaile eta parte hartzaileei. Oreka hitzak noski, Espainiarekiko batasun eta sumisioa esan nahi du. Ez da kontu berri bat, baina garrantzitsua da hau salatzea demokrazia kontzeptua gora eta behera dabilen momentuan.
Komunikabideak beti izango dira kritiken jomuga, baina beti izango dira demokrazia baten funtsezko partea. Informazioak independentea eta aske izan behar du, bestela Statu Quoren zutabeetako bat baino ez dira. Horixe da egungo egoera medio askotan. Errealitatearen berri eman ordez, milioika pertsonen iritzi eta aldarrikapenei entzungor egin diete urte askoz. Orain entzungor egiteko berandu denez, kriminalizazio mediatikoarekin jarraitzen dute. Independentziaren alde dauden politikari eta eragileak, gaizkileak dira eta antiespainiarrak, atzean dituzten milioika lagunak irrazionalak diren inuzenteak. Errealitatea onartu eta ikertu ordez, estatuaren propaganda igortzen dute, hau da, kazetaritza lana egiteari uko egin diote medioek. Bitxia da mezuen eboluzioa; hasieran galdeketa ezin zela egin zioten, Katalunian gehiengo sozialak ez zuelako nahi. Beranduago prozesu katalanak espainiarren eskubideak urratzen zituelako. Azkenaldian zuzenbide estatuaren defendatzaile sutsuetan bihurtu dira hainbat. Demokrazia zuzena ez omen da benetako demokrazia, estatu totalitaristek galdeketak egiten dituzte ere bai. Legeak errespetatzea ordea, demokrazia gorena da. Tira, estatu totalitario batzuetan galdeketak egin ziren bai, eta denek zituzten legeak. Are gehiago, estatu totalitario gehienak euren burua demokratikotzat jotzen zuten.
Legedia sistema demokratiko baten ardatzetako bat da. Baina legedi horrek akatsak dituenean gizarteak beste bi zutabe ditu lagun, demokrazia zuzena eta parte hartzailea. Galdeketak eta mobilizazioak. Ildo beretik, demokrazia parte hartzailea, kolokan dagoenean, legediak babestu beharko lituzke jendearen interesak. Hiru zutabeak, gizartearen mesedetan daude. Ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den igandean eta ordutik aurrera, baina argi dago kataluniar askok bozkatzeko determinazio osoa dutela. Azken urteotan mila oztopo jarri dizkiete eta jendeak tinko eutsi dio bere aldarrikapenari, beti era baketsuan. Haiei dagokie beraz, astelehenetik aurrera hartuko duten bidea erabakitzea.
Euskal Herriaren esku dago?
Asko dira Euskal Herrian Kataluniari inbidia diotenak. Haien bidea arrakastatsua izan da, baina batez ere, geldiezina dirudi. Prozesuak ezin dira inoiz kopiatu eta baldintzak ezberdinak dira, baina Kataluniako egoerak, gauzak astintzeko aukera eman dio Euskal Herriari. 2011. urtea aro baten amaiera izan zen, gauzak aldatuko zirela pentsatu zuten gehienek, baina berdintsu jarraitzen dute. Bake eta bizikidetza arloan pauso batzuk eman dira, Euskal Herriaren estatusaren inguruan ordea, aldaketarik ez. Politikariak orokorrean nahiko eroso sentitzen dira joko horretan.
Ezinegona hazten ari zenean, plataforma batek bide berri bati ekin zion. Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea gizarteratu du, urrats handi eta ausartak emanez. Berdin dio lotesleak izan ala ez, haiek antolatutako galdeketa herrikoi guztiak, gizartearen parte handi baten nahia ahalbidetu dute. Ibilbide-orria egina dago, politikari euskaldun guztien konpromisoa behar da besterik ez; erabakitzeko eskubidearen alde egin ala ez. Ez baita aski, jaietan adierazpenak egitea edota mobilizazio egunetan argazkietan agertzea.