Handia izan zelako, handia izan nahi du La Salve garagardoak

Erabiltzailearen aurpegia Hegoi Belategi 2017ko urr. 27a, 12:49

Argazkia: Mundocervecero.com

Multinazionalak nagusi diren munduan, La Salvek kalitatezko alternatiba eskaini nahi du eta gainera, etxekoa. Garai bateko ospe eta izen onari eutsi nahi dio, berriz ere Bilboko garagardo nagusia izateko. Etengabeko hazkundea bizi du eta laster fabrika berria izango du Boluetan. Asmoa polita bada ere, zalantzak sortzen ditu garagardogile bilbotarren estrategiak.

Artisau garagardoak modan daude, sasoian Euskal Herrian. Aspaldi garagardoak ardoari aurre hartu ziola, euskal herritarron edari alkoholiko gustukoena bezala. Kañak edari freskagarri baino, erlazio sozialen baliokide dira askorentzat. Festan ala lagunartean, argiak edo ilunak, alkoholik gabekoak... edonola hartu daiteke garagardoa. Ohitura handia dago bai, baina inguruko herrialdeekin alderatuta, Euskal Herrian  'garagardo kultura' gutxiago dagoela entzun daiteke maiz. Asko edaten da, baina gehienak eredu industrialean ekoiztutakoak dira, nolabait 'garagardo komertzialak'. Onak baina xumeak eta, neurri batean aspergarriak, garagardoaren benetako zale direnentzat. Europan ere mota honetako garagardoak dira gehien saltzen direnak, baina ekoizle txikien presentzia nabarmengarria da. Flandrian, adibidez, ehunka artisau ekoizle topatu daitezke. Azken urteotan baina, artisau garagardoak sekulako hazkundea izan du Euskal Herrian; duela hamar urte kasik ez zegoen ekoizlerik eta egun, lurralde bakoitzean hainbat topatu daitezke. Gainera, inguruko produktuekin egiten dira, Nafarroa eta Arabako garagar eta gariak baitituzte oinarri gehienek. Ekoizle artisauek ez dute multinazionalengandik kezkatu behar, beste merkatu batean ari direlako.

Bada ordea, merkatuko garagardo salduena izan nahi duen marka. La Salve garagardoa luzaz Bilboko edaririk maitatuen artean izan zen, edozein tabernan topa zitekeena, eta gehienek edaten zutena. Ia ehun urtez zabalik egon ostean, itxi egin zuten 80ko hamarkadako krisialdi ekonomikoaren testuinguruan. 2014an ekintzaile batzuk La Salve berriz ere zabaldu zuten, beste askok bezala, bezeroei zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz, kalitatezko produktua alegia. Badirudi hori dela bidea, artisautza eta bertako produktuetan oinarrituz, zapore goreneko garagardoak saltzea. Zaila dirudi enpresa txiki batetik abiatuta, multinazionalei aurre egitea, litro asko ekoiztu behar dira eta, prezio lehiakorrean. Zaila izan arren, La Salvek aukera hori izan zuen xede enpresa berriz ireki zutenetik, handien artean kokatzea bere burua, euskal ekoizle izanda gainera. Ez zuten bide erraza hartu beraz, baina Bilboko garagardoa izanda zailtasunek pena merezi zuten. Azken urteotan garagardotegi asko zabaldu badituzte ere, konpetentziak gora egin ahala, askok ere itxi egin behar izan dute. La Salvek ez du soilik bizirautea lortu, baizik eta promestutako hazkundea lortu du. Urtez urte hazi dira ekoiztutako litroak, baita garagardoa erosten duten taberna eta jatetxe kopurua ere. Gauzak horrela, enpresak iaz jakitera eman zuen, hazkunde prozesu batean murgilduko zela, Euskal Herriko garagardo salduenen artean izateko. Proiektu horren parterik garrantzitsuena, Boluetan kokatuko da, hor izango baitute haien fabrika berria. Abenduan zabalik eta abian izatea espero dute. Fabrikak ahalbidetuko duen ekoizpenak, multinazionalen merkatuan lehiatzeko aukera emango dio La Salveri.

Apustu arriskutsua

Handia izan nahi du La Salvek, baina helburu horrek badu prezio bat, 2.000.000 euro inguru, hori izan baita ekoizleek egin duten inbertsioa fabrika berria eraikitzeko. Ekoizle txiki gehienek ez dute aukera hori, eta La Salvek ere zail izango luke laguntzarik gabe. Izan ere, Mahou-San Miguel multinazionalak eta Espainiar Estatuko saltzailerik handienak, La Salveren %25 erosi zuen. Ez da portzentaje erraldoia eta pentsa daiteke, bilbotar enpresak bere independentzia mantenduko duela. Gainera, oso zaila litzateke nahi duten hazkundea lortzea, babes ekonomikorik gabe. Baina handiekiko menpekotasunean aritzeak baditu hainbat arrisku, nortasuna galtzea bereziki. La Salveren estrategia argia da; garagardoa Euskal Herri osoko tabernetan saltzea, kalitatezko produktua izatea eta prezio lehiakorrean saltzea. Hau da, sortzaileen arabera badute helburu herrikoia ere bai, euskal garagardo nagusia izatea nahi dute eta. Baina multinazionalen menpe egonda, etekin ekonomikoek geroz eta pisu gehiago izan dezakete, sorrerako helburuak guztiz ezabatu arte. Euskal Herrian bada aurrekari bat, Keler garagardoa alegia. Donostian sortua eta alemaniar ereduan oinarrituta, luzaz ekoiztu zuten lehenik gipuzkoar hiriburuan eta beranduago Aranon. La Salvek bezala eta zailtasun ekonomikoak zirela medio, hainbat multinazionalek erosi zuten Keler eta gaur egun, Damm enpresa da jabea. Aranoko fabrika itxi eta Katalunia eta Madrilera eraman zuten. Keler beraz, Euskal Herritik kanpo ekoizten da, kanpoko lehengaiak erabilita, kanpoko langileekin eta batez ere, etekinak kanpora doaz. Hala ere, euskaldunon garagardo gisa saldu ohi dute, Gipuzkoarekin lotzen dute bereziki eta sukaldari ospetsu batek pozik babestu zuen marketing kanpaina hura. Errealitatea da, beirazko botilez gain, Kelerrek ezer gutxi uzten duela Euskal Herrian. Bilbotarrek bi munduren artean kokatu nahi dute bere burua, baina ikusteko dago denborak aurrera egin ahala, lortuko ote duten ala ez.

Km

La Salveren kudeatzaileen aburuz, ez dute soilik beste garagardo enpresa handi bat izan nahi, baizik eta ekoizpen eredu iraultzailea duen enpresa. Ingurumena eta bertako ekonomia irizpide izango dituzte; 0 Km filosofia deritzote honi. Boluetako fabrikaren diseinu berritzailea dela eta, negutegi gasen isuriak nabarmen murriztuko dira. Garraioen kontaminazioa txikitzeko asmoz, lehengai guztiek gehienez 100 kilometroko eremuan erositakoak izan behar dute. Bestalde, bertako ekonomia eta produktuak sustatzeko konpromisoa dutela diote. Boluetan 10 lanpostu berri sortuko dira, eta inguruko gari eta garagar ekoizleekin sare komertziala eratzea espero dute. Landutako gari eta garagarra arabarrak izatea ongi dago, baina horrek ez du bermatzen berez produktuaren kalitatea, baizik eta lehengai horren landaketa eredua. Hau da, arabarra izate hutsagatik, ez du esan nahi lehengaia eredu estentsiboan landu denik. Dena delakoa, pozgarria da entzutea etekin ekonomikoez gain, badirela gizartearekiko konpromisoak.

La Salveren hazkundea ikaragarria izan da. 2014an zortzi tabernekin zuten harreman komertziala, gaur egun 2.000 baino gehiago dira. Aurten 1.500.000 litro garagardo ekoiztuko dituztela espero dute. Garai bateko ospe eta izen ona berreskuratu nahi dute, eta bide egokian dira. Erronka nagusia ordea, hazten jarraitu ahala bilbotar senari eustea izango da.

 

Argazkia: Mundocervecero.com