Aspaldiko partez, liskarrak eragin ditu Zubietatik Lezamarako bideak

Erabiltzailearen aurpegia Hegoi Belategi 2018ko ots. 14a, 10:00

Argazkia: Blogseitb.com

Zaharrak berri A8ko bi bazterretan; edo hobe esanda, bertako futbol taldeetan. Iñigo Martinezek Bilborako bidea hartuko zuela jakitean, ezustekoa handia izan zen eta are handiagoa, zale txuri-urdin ugariren haserrea. Martinezen fitxaketak garai bateko Real eta Athletic zaleen arteko ika-mikak berpiztu ditu eta ez dira gutxi, polemika kirolaz harago eraman dituztenak bi aldeko hiritarrei kritika eginez. Hater interprobintzialen unea da.

Futbolean aditu direnek Martinezen agurra ezin okerragoa izan zela diote; hasteko Realeko ikur garaikideetako bat zelako, taldeak bizi zuen egoera zailagatik, baina batez ere, etxe ondoko etsaiarengana joan delako. Hala da bai, etsaia, asko gai direlako beste talde bateko zaleak etsaitzat hartzeko, kontrako zentzuan ere noski, Bilbon ere badirelako zale txuri-urdinak gutxiesten dituzten zaleak. Egoera mingarria izan da Realeko zaleentzat, traizioa ere askoren esanetan. Dirudienez, dirua izan zen gakoa, agian hori da Martinezen esanetan Athleticek bere alde egindako apustu sendoa. Jendearen sentimenduak iraintzeko asmorik gabe, mingarriena, futbol jokalariek dituzten soldatak dira, berdin dio Bilbon lau milioi irabazteak edota Donostian bi, lotsagarria da norbaitek halako dirutza irabaztea baloi bati ostikoak emateagatik, funtsean hori egiten baitute.

Kirola alde batera utzita, eztabaida azkar hedatu zen beste esparru batzuetan. Athleticek Realeko jokalariak fitxatzerakoan polemika eta haserrea nagusi izan ohi dira, baina Martinezen fitxaketak eragindakoak garai bateko liskar handiak ekarri ditu gogora; Loren eta Joseba Etxeberriaren fitxaketak kasu. Gipuzkoar askok ondoko bizilagun boteretsua, etxera lapurtzera etortzen zaiela sentitzen dute. Sare sozialak sutan zeuden, liskarrak eta kritikak azkar zabaldu ziren beste arlo batzuetara, eta laster jendea euskara batua eta euskalkien inguruan eztabaidatzen ari zen. Martinezen agur eskutitzaren harira, askok izan zuten Lea-Artibaiko euskalkia, eta zehazki ondarrutarra jomugan. Zenbaitek harropuzkeria edota euskararen inboluzioaren seinale gisa aipatu zuten. Ziur asko ez zen modurik egokiena izan eskutitza idazteko, eta zilegia da kritikatzea, baina jendearen haserrea kirol mundutik harago doala argi dago.

Ez dira berriak euskal lurraldeen artean dauden tirabirak, izan ere, artikulu honek Gipuzkoa eta Bizkaia ditu hizpide, baina Euskal Herri osoan zabaltzen den fenomenoa den ondokoari adarra jotzea. Batzuentzat nortasuna harrotasunez mantentzea da, besteentzat probintzialismo arkaiko hutsa. Ika-mikak ez dira txarrak, euskal nortasunaren parte direla esan daiteke; munduaren aurrean, euskal herritarrak gara, gero gure lurraldekoak, gure herrien zale petoak eta norberaren auzoen defendatzaile sutsuak. Eta azken unean, bakoitzak bere etxean du gotorleku propioa, berdin dio baserri, dorretxe edota Santutxuko apartamentua izan. Hainbaten jarrerak ikusita ordea, lehia serioegi ez ote duten hartzen galdetu beharra dago. Liskar honen inguruan, aurreiritziak eraiki dira, gizarteak barneratutako aurreiritziak, probintzialismoaren irudikapen argia. Bilbotarrak harroputzak direla eta donostiarrak aberaskume edo ñoñostiarrak adibiderik ezagunenak dira.

Egia esan, topikoak ez dira beti mingarriak, askotan errealitatearekin nolabaiteko zerikusia dute. Norberak bere buruari umore kutsu bat ematen jakin beharko luke eta bilbotarrek ederki egiten dute hori, nahi duten lekuan jaiotzen direlako eta munduko hiriburuan bizi direlako. Esan nahi al du horrek Bilboko hiritar guztiak harroputzak direla? Inondik inora, umorea da, besterik ez. Ulertezina da nola batzuek ezin dituzten testuinguruak ezberdindu.

Dena den, zenbait pertsonaia, txiolari eta medioen erasoak alde batera utzita, ez dirudi Martinez aferak gaiztotu dituenik bi hirien arteko harremanak, ezta gipuzkoar eta bizkaitarren artean ere. Are gehiago, askori bost axola zaie azken asteetan Lezaman eta Zubietan gertatutakoa. Hori dela eta, pena handia da kirol esparruan sortutako polemika batek gizartera salto egitea eta liskar iturri bihurtzea, batez ere, jendeari ez diolako mesederik eragiten. Baliteke Athleticek desegoki jokatu izana, errespeturik gabe, baina, horrek ez ditu hiritarrak erantzule bihurtzen. Eta ekintza pribatu jakin batek eragindako haserrea hiri oso baten kontra zuzentzeak intolerantzia hutsa dirudi. Hona hemen gipuzkoar baten hitza.