Dublinen bizi naiz, Europako hiriburu gazteenean. Biztanleriaren erdia 30 urte beherakoa da eta Europako hiriburuen artean top 10 garestienen artean dugu.
Unibertsitate ikasketak egiteko oso ohikoa da Dublinera etortzea. Izan ere, gaztetasun, green izaera eta garagardozaletasun irudi horren atzean ez da hain ezaguna hiriari darion pribatutasuna eta horrek dakarren ordainpeko ezkutuko Dublina.
Kaleetan jesartzeko bankuak aurkitzea ez da gauza samurra. Hirian dauden parketan aurki daitezke, baita Liffey ibaiaren ondoko pasealekuan ere, baina ez dira inola ere kale nagusietan adibidez.
Gaur, orain dela gutxi sutan ipini ninduen gertaera bat kontatuko dizuet. Gabon zahar gauan urte berria ospatzeko argi-ikuskizuna antolatu zuten hiriaren erdigunean kokatuta dagoen Custom House eraikin ezin mardulagoan. Ibaiarekiko gertutasunaz baliatuta, askotariko ekintzak izan ziren; ur, aire eta lurreko akrobaziak, argi-jokoak, musika kontzertuak eta abar. Sarrera, nola ez, ordainpekoa zen. Eta hau gutxi balitz, eraikinaren ondoko perimetroa, zubiak eta pasealekua hesiz inguratu zituzten eta plastiko beltzez estali. Zertarako? Oinezkoei hura ikustea eragozteko, hain zuzen.
Imajina dezakezue Guggenheimaren inguruko kaleak, itsasadarra, zubiak eta Abandoibarreko pasealekua hesi beltzez josten dituztela museoak antolatutako ekitaldi pribatu bategatik? Ez? Ba ongi etorri Dublinera.