Irlandera, erbestean kutunago

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Calleja 2019ko urr. 2a, 18:00

Bi urte dira Dublinera lan egitera etorri nintzela eta denbora horretan ez dut inor kalean, pubean edota azokan irlanderaz berbetan entzun. Dublinen putzu sakon eta iluna ere izango al da irlandera?

Soziolinguistika gai malkartsua da Irlandan. Dublinen, Bilbon bezala, hizkuntza gutxituaren ezagutza eta erabilera ez doaz bat. Hizkuntzarekiko jarrerari dagokionez, ordea, alde handiak daude.

Irlandera sustatzea helburu duen Foras na Gaeilge erakundeak 2015ean argitaratutako txostenaren arabera dublindarren %29,2k ezagutzen dute eta %1,3k erabiltzen dute eguneroko jardunean.

Bilboko datuak ezagutzeko, ordea, bi erakunderi egin behar diegu so. Batetik, Eustatek 2011n ezagutzaren inguruan egindako estatistikari. Horren arabera bilbotarron %23 euskaldunak dira. Eta bestetik, Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako kale-neurketak euskararen erabilera %2,5 puntuan ezarri zuen Bilbon.

Arestian aipatu bezala, hizkuntzen erabilera ez da oso desberdina. Dublinek irlandera hiztun gehiago baditu ere, aldea %6koa da eta kontuan hartu behar genuke —euskararen mesederako, ziur asko— ezagutzari erreparatzen dioten txostenen artean lau urteko tartea dagoela. Erabilerari dagokionez, alde handia dago: Bilbok ia bikoiztu egiten du Dublinena.

Ñabardurak paisaia linguistikoan

Euskara eta irlandera hizkuntza ofizialak izaki, administrazioak herritarrei zuzendutako ohar, komunikazio, idazki ofizial eta kaleko seinale eta errotulazioak bi eletan agertzen dira (ia) beti. Haatik, esparru pribatuan euskarak presentzia txikia badu ere, irlanderarena ikusezina da.

Enpresa pribatuek ez dituzte haien zerbitzuak berezko hizkuntzan eskaintzen. Ingelesa da esparru honetan ere jaun eta jabe. Agerikoa da batez ere hiriburuko saltoki, zerbitzugune, jatetxe eta tabernetan.

Irlandera abertzaletasunaren periferian

Irlanda aipatu eta garagardoa, musika, hurleya, euria eta lau hostodun hirustak datozkio burura bati baino gehiagori. Leprechaunez aparte, noski. Eta ulertzekoa da. Irlandar askorentzat hori guztia atsegin izatea baita zelta peto-petoaren definizioa. Eta, negar egitekoa bada ere, kirol partidetan sumatu dut nik abertzaletasunaren adierazpen gorena.

Uharteko berezko hizkuntza hutsaren hurrengoa da askorentzat. Gogora ekarri nahi dut lagun, pisu-kide eta “irlanderadun zahar” dudan galwaytarrak —zazpi urte bete zituen arte ez zuen ingelesik ikasi— behin esandakoa: “Oporretan, Europa zeharkatzen duen tren horietako batean bidaiatzen, ondoan eserita dagoen xelebrearen piuraz barre egiteko baino ez dugu erabiltzen lagunartean”.