Azken hilean ondoeza sorrarazitako itauna. Zintzo erantzuten zinez zaila. Eta korapilatsua. Bada, nola aitortu zeure buruari zure bizimoduak ez duela bat egiten zure ikusmoldearekin? Ez zarela bizi pentsatzen duzun legez?
Dilema honek, etxekook dugun What's Up taldean aitak zabaldutako bideoan du abiapuntu. Zoriontasunari heltzeko, bere lan esperientzia luzean zehar bildutako ondorioak plazaratzen zituen psikologoari egindakoa zen. Adituak, —argentinarra, nola ez— bizitza-maila eta bizitza-kalitatea ditu hizpide lau minutu pasatxo irauten dituen klipean.
Lehenengoak, gure ondasunak baldintzatuta, dugun bizimoduan jartzen du azpimarra. Bigarrenak, ordea, duguna dugula, zenbat estimatzen dugun adierazten du. Muturreko adibide bat ipintzearren: baliteke sendi aberatsean jaio eta bitsetan hezitakoa izatea, eta, hala ere, zoriontasun printzarik ezagutu gabekoa izatea, agian, familiaren tradizioari jarraiki bizi nahi ez dugun bizimoduan harrapatuta gaudelako; edo, aldiz, diru-zorroa beti estututa izandakoa baina egundoko hazkunde pertsonala ahalbidetu digun inguru oparoaren altzoan hazitakoa, eta, zorionekoa.
Horrekin batera, formula hau proposatzen zuen:
Bizitza kalitatea = bizitza helburua - bizitza egoera
Ondorioz, bizitzan nahi dugunaren eta berez dugunaren arteko aldearen arabera, bizitza kalitate handiagoa ala txikiagoa genuke; hau da, gure helburuak lortzetik hurrago, orduan eta zoriontsuago. Eta horra heldu nahi nuen, hori iruditzen baitzait auziaren koska. Bada, zenbat alditan uzten ditugu bazterrera, atzendurik, gure amets eta nahiak? Egunerokotasunak eta kanpo inertziak bultzatuta, zenbatetan lausotu zaizkigu lurrinak kotxeko leihoaz bestaldekoa ikusezina bihurtzeraino egiten duen bezala? Askotan, are eta areago nagusitan, lana, ardurak eta eginbeharrak hauspotuta.
Hamaika hausnarketaren ondoren, indar-betean ekin diet lurrinez estaliriko erronka batzuei, besteak beste, idazteari. Eta bide honetan jarraitzeko asmotan nago.
Eta hik, gogoan darabilzuna bizi duk/n?