Ezustean, hasieran errezeloz begiratzen genion gaitzak gelditzeko aukera ezin hobea luzatu digu. Produktibitatea eta lana nagusi diren gizarte honetan, behingoagatik gelditu beharra daukagu. Guztiz gelditu ere. Errepideak, aireportuak eta tren geltokiak gelditu dituzte. Baita kontrolik gabeko bidaiak, ezer ez ospatzeko jaiak eta lan jardunaldi luzeak ere. Funts eta helburu gabeko egite hutsak bertan behera utziz. Eta patrikak sosaz betetzeko etengabeko bilaketa horretan, garrantzitsuena eta benetan zoriontsu egiten gaituena dagoeneko badugula jabetu gara. Uste genuena baino gertuago.
Norbere buruarekin elkarbizitza egitea suertatu zaigu eta beti egin nahi baina denbora nahikorik aurkitzen ez genuen hori egiten hasteko abagunea azaldu da: gogokoen dugun liburua irakurri eta berrirakurtzeko, gertukoekin hitz egiteko, balkoiaz bestaldeko bizilagunak ezagutzeko. Besarkadak, musuak, familiarteko otorduak eta lagunarteko poteoak balioesteko unea.
Aurrekaririk gabeko egoera honetan, non indibidualismoa ez den aukera bat, birus honek bizitzaren hauskortasuna erakutsi digu: ez garela iraunkorrak, ezta ezinbestekoak ere; daukagun guztia edozein unetan desagertu daitekeela eta zulo beltz honetatik aterarazi gaitzakeen gauza bakarra gu, gizabanakook, elkartzea dela. Arraza, sexua, adina, erlijioa edo ideia politikoak axola gabe elkartzea. Pertsona gisa batzea eta gizatasun gisa zaintzea.
Eta nik neure buruari zera galdetu diot: zergatik ematen digu beldurra gelditzeak? Agian hausnartzeko denbora izateak ikaratzen gaitu. Orain arte zertan eta norekin aritu garen pentsatzeak. Gure bizitza hemen eta orain amaituko balitz ez ote garen benetan zoriontsu izan.