Pinusarri

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Calleja 2021ko urt. 19a, 09:20

Edota Eukaliptosarri. Bada hainbat aukera behinola pagoz estalita egoteagatik ezagun dugun mendia izendatzeko.

Urte surrealista hau amaitu aurretik lagunekin Pagasarrira igo nintzen, elurretara. Basurtutik abiatu eta Errekalde eta Larraskitutik gora egin genuen. Baserriak atzean utzi eta aldapan gora poliki-poliki mendiaren hostotzan barneratu arte. Bidean, talde-argazkia egitea proposatu nuen. Beste inor atzean ez zegoela begiratu ondoren argazkia egiterakoan konturatu nintzen zein zatarra den inguruko paisaia.

Toponimiak iradokitzen duen bezala, behinola bilbotarron mendirik kutunenean pagoa zen nagusi. Ez da botanikan aditua izan behar gaur egun gauzak oso bestelakoak direla konturatzeko. Hiriko edozein txokotan gaudela burua apur bat altxatu eta urte osoan zehar mendia berdez jantzita ikusten dugu: hosto iraunkordun zuhaitzak diren seinale. Jakina da pagoen hostoak erorkorrak direla, beraz, zer dugu gure Pagasarri maitean?

Bere historia Bizkaiko gainontzeko mendietakoaren antzekoa da: pagoz, haritzez eta artez beteta zegoen. XVI-XVIII. mendeen artean, siderurgiaren hazkundeak eta itsasontzien eraikuntzak zuraren eskaera handia eragin zuten, eta Bizkaia osoan basoak birsortzeko aukerak gainditu ziren. Horri gehitu behar zaio Lehen Karlistaldian Pagasarrik pairatu zituen suteak.

1615ean Zorrotzako Errege Arsenala eraikitzen hasi ziren, beren-beregi gerrako ontzien armamentua egiteko. Gainerako Abando, Bilbo eta Deustuko ontziolek, berriz, salgaiak garraiatzeko itsasontziak eta galeoiak egiten zituzten. 1610-1630 urte artean 300 eta 700 tona arteko 40 galeoi baino gehiago egin ziren itsasadarreko erriberetan. Itsasontzi txiki bat egiteko sei mila haritz inguru behar ziren, alajaina!

XIX. menderako Pagasarri erabat gorrituta zegoen. XIX. mendearen erdialdera Pinus Radiata pinuarekin birpopulatua izan zen. Landaketok, eukalipto, haritz amerikar eta izeiekin batera, larreek eta sastrakek estalitako beste lur-eremu batzuk ere bereganatu zituen, zuhaitz-aniztasun urriko paisaia arrotza sortuz.

Egoera tamalgarria iraultzeko asmotan 1915ean Zuhaitzaren Jaia ospatu zen. Bilboko Udalak, Bizkaiko Aldundiak eta zenbait norbanakok emandako 50 zuhaitz landatu zituzten. Festa hau, zoritxarrez, beste behin baino ez zen errepikatu, urtebete geroago, antzinako hozkailuen zatia eta Tarineko iturriaren ingurua bertako espeziekin basotzeko.

Azken hamarkadetan, zenbait elkarte ekologisten eta Udalaren eskutik 18.500 zuhaitz landatu dira mendi inguruan, gehienak autoktonoak, hala nola, urkiak, haritzak, pagoak eta lizarrak, baina badira ere landatutako zenbait espezie aloktono: ezkiak eta haritz amerikarrak. Haatik, 2010erako berezko landarediak baso-eremu osoaren %10,5 suposatzen zuen eta hazkuntza azkarrekoak, ordea, %32,2.

Ekologistak Martxan elkarteak urteak daramatza salatzen mendiaren zaugarritasuna eta egoera atsekabetsua Foru Legean dagoen hutsunearen ondorioa dela, Pagasarri-Ganekogorta guneari dagokionez, ez baitu ezer aipatzen birsorkuntzari, ingurumen-eragina txikitzeari eta erabileren erregulazioari buruz.

Harro-harro, mendiko botak lohituta eta izerdi-marka besapetan, Pagasarritik jaitsi berria zarela esango diozu etxerako bidean topo egiten duzun ezagunari. Baina artikulu hau irakurri ondotik nik bezain ondo ulertuko duzu zera “bilbainada” galanta dela. Pagasarri oraindik irabazteko dugu-eta.