Homofobia gizarte egituran errotuta dagoela esatean zera esan nahi dut: gehienak neurri txikiago edo handiago batean homofoboak garela, gure sistemak hala hezi gaituelako. Gehienak matxistak garen bezala gara homofoboak, alegia.
Hartara, desikaste edo dekonstruzkio bide (luuuze) horretan asko gara gizarte justu eta parekoago baten aldeko kontzientzia hartu dugunok, txikitatik gure egindako beldur eta fobia horiek nolabait sendatzeko.
Haatik, badago beste hainbeste jende bide hori urratu ez eta sistemaren zurrunbilo horretan eroso dabilena, horietako asko, ziurrenez, gizarte-sistema honen pribilegio eskalan goratxoago dagoelako (AKA gizon zis hetero zuria).
Salbuespenak salbuespen, talde hori da azkenaldian LGTBIQ kolektiboaren aurka altxatzen ari dena; kalean “maritxu” oihuka egiten diguna, lagunartean kontzentrazio-esparruetan egotea dagokigula esaten duena, eta, lantzean behin, gu hiltzen gaituena.
Samuelen kasuak asko ikaratu eta sumindu nau. Izan ere, ni neu Samuel izan nintekeelako. Beldurra apur bat gainditu dudan honetan, sumintasunetik idazten ari natzaizue. Bada, atsegina izateaz nazkatuta nago. Bukatu da iruzkin eta txantxa homofoboak jasatea nire inguruan, horiek gorrotatzaileen erasoak eta ekintzak legitimatzen dituztelako. Amaitu da erasoak testuinguruan kokatzea, erlatibizatzea eta barkatzea. Aspertuta nago. Ez daukat indarrik, ez gogorik, ez denborarik eztabaidatzera sartzeko, eta zaurgarria den kolektibo baten eskubideaz ari garenean, barkatu, baina ez dut edozelako eztabaidarik onartzen. Ez dut pertsona matxista, LGTBIQfobiko eta arrazistarik niregandik gertu nahi , ezta horien ekintzak edo hitzak zalantzan jartzen ez dituenik ere. Ez dut etengabe ezer ikasi nahi ez duen jendearen irakaslea izan nahi.
Beraz, hemendik aurrera, pertsona hobeak izaten eta besteen eskubideen alde egiten duen gizartearen parte izan nahi baduzue, sistema honen pean ikasitakoa desikasteko, izan zaitezte nirekin prozesuan lagun. Osterantzean, atea kanpotik itxi dezakezue. Txantxa bakoitzak, mikro-eraso bakoitzak eta erailketa bakoitzak axola baitu.