Babesgabetasun sentipena erabatekoa da

Atzo jakin genuen Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz hil zenetik lau urte pasa ondoren, Bilboko epaitegitik 6 hilabetez instrukzio fasea luzatzea erabaki dutela, epe horretan akusazio partikularrak errekurritu ahal izateko proba berriak kontuan ez hartzeko epaileak hartutako erabakia.

Orain arte egindako ibilbidearen ondorioz, egun ez dago modurik Iñigoren hilketagatik arduradun politiko zein polizial bat ere ez epaitzeko, eta gainera akusazio partikularrak ardurak markatzeko proba berriak sartzea eskatzen duenean epaileak ezezkoa ematen du eta instrukzio fasea luzatzea erabakitzen du soilik akusazio partikularrak bere ezezkoaren errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Esparru judizialetik, arduradunak bilatzeko inolako borondaterik ez dutela zinez uste dugu. Iraingarria da! Neurtezina da une honetan dugun amorru eta inpotentzia, babesgabetasun sentipena erabatekoa da. Nola da posible, lau urte hauetan, kargaren arduradun polizial eta politikoak indentifikaturik ez badaude, justizia egitea? Hasiera hasieratik salatu izan dugu bide judizial eta polizialetik fokoa desbideratzen ari zirela prozesua luzatuz jendartearen presioa desagertarazteko asmo argiarekin.

Gogora dezagun herri ekimen honetatik jendartearen gehiengoaren ezinegona, sumindura eta haserrea batu izan dugula, jendearen mezua argia izan da; Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz gertatutako hilketa ezin da zigorrik gabe gelditu, eta horrekin batera ezbehar hau berriz errepika ez dadin bermea exijitu izan du jendarteak. Honetarako ezinbestekoa da Ertzaintzaren eredu polizialaren inguruko eztabaida zabal, parte hartzailea eta mugarik gabekoa zabaltzea. Eta eztabaida hori ematen den bitartean, egun, Euskal Herrian dauden gorputz polizial guztien aldetik gomazko piloteen erabilera debekatuta egon beharko zen.

Baina lau urte igaro ondoren: gomazko piloteen erabilera ez da debekatua izan, berriz ere honelako hilketa baten aurrean egongo ez garen bermerik ez dugu eta Epaitegitik ez dute arduradunak seinalatzeko inongo asmorik. Eta hau gutxi balitz, ikusten ari gara egoera horren arduradun politiko batzuk eskuak zikinduta haien etxera alde egiten. Hau onartezina da!

Plataformaren ustez esparru batzuen aldetik nahita ari da arduradun politiko eta pilota jaurtiketeen arduradunak babesten, hau da; Iñigoren hilketaren arduradunak babesten ari dira.

Igaro berri den maiatzaren 27an Katalunian gertatutakoa gogora ekarri baino ez dugu behar, non Bartzelonako Audientziak ateratako epaiaren bitartez, 2012. urtean Ester Quintanari begi bat lehertzeaz leporatuta zeuden bi mosso absolbitu egin duen. Epaiketa honetan, Tribunalak ere, Barne Sailak ikerketa oztopatu egin duela argi utzi izan du. Berriz ere agerian utziz esparru askotan ematen den estalketa. Ikusten denez, Iñigorena ez da kasu bakarra. Frankismotik datorren eredu polizial baten aurrean gaude. Eta Estatu Espainolean eredu horrek utzitako argazkia hauxe da: gomazko piloteek eragindako 16 hildako eta 28 zauritu eta zero polizia kondenaturik.

Gure aldetik, Plataforma, esparru ezberdinetan (Arartekoan, Parlamentuan...) Ertzaintzaren barruan ardurak argitu behar direla salatzen egon dela gogoratzea baino ez dugu. Eta horrela jarraituko dugu, 2012ko apirilaren 9tik gertatzen ari den guztia, ahal dugun leku guztietan salatzen. Eta nola ez, Iñigoren familia zein laguneei elkartasuna adieratzen.