Osasunaren aitzakiapean, koronabirusaren gaineko kudeaketa burgesak gizartearen berrantolaketa prozesua bizkortu du. Bizkortu duela diogu, pandemia bera kausa izatetik urrun, jadanik egikaritzen zihoan krisi kapitalistaren testuinguruan ulertzen dugulako. Hala, neurri autoritarioen bidez, goi burgesia bizitza sozialaren berrantolaketan sakontzen dabil; eta ondorioak, beraz, ezin dira esparru ekonomikora soilik mugatu, esfera soziala ere baldintzatzen baitute. Horren adibide ditugu kaleratze masiboak, lan baldintzen kaskartzea, eskubide zibil eta politikoen deuseztapena edota kontrol polizialaren gorakada, esaterako.
Testuinguru politiko horren baitan, jakina da emakume langilea dela, langile klaseko beste subjektibitate zapalduekin batera, ondorio lazgarrienetarioak pairatzeko aukera duen subjektua. Bada, emakume langileon lan eta bizi baldintzen okertzea bizi dugun proletarizazio kontestuan kokatu beharra dugu: behin-behineko lanaldi partzialak, zerbitzu publikoekiko dependentzia, etxeko lanen karga bikoitza, indarkeria matxisten testuinguruak errazten dituen neurri politikoen gorakada… Alde horretatik, ez da kasualitatea ere, aurreko astean bi emakumek sexu-erasoa salatu izana Bilbon.
Aurreko guztia biolentziatzat jotzen dugu eta gure egunerokoan islatzen da. Gizartearen antolaketa eta langileon izatea botere burgesak definitzen dituen unetik, langileak ez du bere buruaren, ez eta bere bizitzaren gaineko kontrol errealik. Aitzitik, langile klasea kontrolatzeko oinarrizko forma da biolentzia eta halabeharrez, harreman kapitalistari berezkoa zaio. Langileria bizimodu bortitzak pairatzera kondenatua dago eta era berean, hezitua da bere baitan biolentzia erreproduzitzera: gutxiespen, bortxaketa, jipoi eta abarren bidez.
Egiturazko biolentziaren barruan, emakume langileon aurkako biolentziak forma zehatza hartzen du: biolentzia matxistarena. Azkenengo hori ezinbestekoa zaio kapitalari, emakume langilea subjektu ekonomiko debaluatu gisa sozializatzen baitu, genero zapalkuntza norma kultural bilakatzeko helburuarekin. Biolentzian oinarrituriko harremanen kausa orokorra burgesiaren izate soziala bada ere, ezin ditugu figura kolaboratzaileak albo batera utzi, horiek ere emakume langilearen menderakuntzarako funtzio zuzena betetzen dutelako.
Biolentzia matxistak, hortaz, agerizko eraginez gain, inplikazio politiko sakonak ditu. Batetik, langileon antolakuntzarako dugun aukera oro oztopatzearekin batera, emakumea gaitasun politikorik gabe uzten du; eta bestetik, burgesiak emakume langilearen kontura onura ekonomikoa ere areagotzen du.
Horrenbestez, egiturazko biolentziarekin eta zehazki, biolentzia matxistarekin amaitzeko, harreman eredu sozialistaren egikaritzea ezinbesteko eginbeharra dugu. Hartara, emakume langileak subjektu politiko bilakatu behar ditugu, gaitasun sozialistak antolatzera bidean, guztiok bizi baldintza berak izan ditzagun.