Orain arte, askotan aipatu dugu emakume langileon egoera kaskarra dela. Ez soilik etxe giroan egiten ditugun zereginengatik, baizik eta lan merkatuan betetzen dugun funtzioagatik ere; hau da, familiaren erreprodukzioaz arduratzeaz gain, soldatapeko lan harreman batek ere definitzen du emakume langileak formazio sozial kapitalistan duen posizioa. Familiako kideen zaintza bermatzea, etxeko garbiketan inplikatzea, feminizaturiko lanetan aritzea, soldata baxuak jasotzea, kontraturik gabe lan egitera behartua egotea… dira, besteak beste, posizio horren islada.
Horrek guztiak, beste jarduera batzuk egiteko denborarik eta baliabiderik gabe uzten du emakumea; aisialdirako tarte barik, sozializaziorako une mugatuekin, antolakuntza politikorako oztopoekin. Finean, isolamendu sozialera kondenatua dago eta pobrezia estrukturala du emaitzatzat. Krisiaren ondorioz, egoera hori gordinagoa da eta zaurgarriago uzten du emakume langilea. Testuinguru horren aurrean, areagotzen da antolakuntza politiko integralarekiko dugun urgentzia, horrela soilik gaindi baitaitezke bizi ditugun baldintza miserableak; bestela esanda, gure bizia bere osotasunean determinatzen duen sistemarekin amaitzea suposatuko luke.
Prozesu horrek, nahitaez, emakume langilea subjektu politiko bihurtzea galdegiten du; batetik, aktibo militante bihur dadin, eta bestetik, emakume langilearen auzia lehen lerroan jartzeko. Norabide horretan, gaitasun teoriko politikoak eskuratzea ezinbestekoa da, modu honetan gure dominazioaz jakitun izateko eta horri kontrajarriko zaion antolakuntza politikora salto egiteko.
Gaitasun teoriko politiko horiek eskuratze aldera proposatzen ditugu Gaitasunak antolatu jardunaldiak. Emakume langileon zapalkuntzaren analisirako ideia teoriko eta politikoak mahaineratzearekin batera, hura klase ikuspegitik jorratzea eta borrokatzea beharrezko ikusten duenarentzat elkargune izan nahi dute. Hala, egun osoko egitaraua antolatu dugu ekainaren 12rako, zeina hiru arlotan desberdintzen den: emakume langilearen zapalkuntzaren berezitasunak gizarte kapitalistaren osotasunarekin loturik aztertuko dugu, sektore feminizatuetan aurrera eramandako gatazkei helduko diegu, eta era berean, emakume langileon aurkako zapalkuntzari aurre egiteko proposamen politikoen inguruan hitz egingo dugu. Zentzu horretan, jardunaldietara hurbiltzeko gonbidapena luzatzen dugu.