Lehendabizi, Bartzelonan egin nahi izan zuten kanpainaren aurkezpena urriaren 11n, PPko Cayetana Alvarez de Toledo diputatua buru zutela, baina ikusleek boikota egin eta bertan behera utzi behar izan zuten aurkezpena, txistu eta oihu artean. Hala, ba, Bilbon egitea erabaki zuten, «Euskal Autonomia Erkidegoa baita hizkuntzaren inposizioa kaltegarriena den lekuetariko bat, zeren eta han espainierazko irakaskuntzari dagokion A eredura sartzea eragozten baita eta oso hizkuntza ulergaitz batean murgilarazten baitira haurrak, eta, horren ondorioz, isolatuta geratzen dira, irakaskuntza-sistema publikora jotzen dutenean».
Kontua, arrazoibidea oso sinplea izanagatik, oso larria da kontzeptualki. Erdaldun supremazistek euren pribilegioei eutsi nahi diete kolonizatu dituzten lurraldeetan. Diote ezen Katalunian, Galizian, Balear Uharteetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Valentziako Erkidegoan areagotzen ari dela inposizio linguistikoa eta ezin dela espainieraz ikasi; espainiera kanpo geratzen ari ei da eraikin publikoetatik, osasun-arlotik, instituzioen kanpainetatik, dokumentu, inprimaki eta buletinetatik, baita kulturatik ere. Guk, espainiera hizkuntza kolonizatzaile gisa bizi dugun hiztunok, badakigu hori ez dela egia, are gehiago, azken urteotan euskalgintzako eragileen aldarrikapen garrantzitsuenetarikoak izan dira, hain zuzen, arlo horiek. Horrek, baina, agerian uzten du haien asmoa ez dela espainieraren alde egitea, baizik eta euskararen (eta espainiar estatuko gainerako berezko hizkuntzen) kontra.
Espainiera hizkuntza kolonizatzailea da, eta, intersekzionalitatearen ikuspegitik, badakigu ezin direla maila berean jarri zapaltzailea eta zapaldua. Ez daude maila berean espainiera eta euskara; hain da sakona euskarak Euskal Herrian bizi duen diglosia-egoera, non haur bat D ereduan hezteak ez baitu bermatzen nagusitan behar bezalako euskara maila izango duenik. Kasurik onenean, gure gobernatzaileek erdi eta erdi egiten dute euskararentzako eta espainierarentzako espazioa banatzean, eta hori, izatez, berezko hizkuntzaren eskubideak urratzen ez direla bermatzeko bidean, gizarteko arlo guztietan txertaturik behar lukeen gutxienekoa da.
Hablamos Español elkarteak larunbatean egin zuen kanpaina eta sinadura-bilketa euskararen kontrako erasoa da. Eraso hori eskuin muturreko pentsamoldeetatik dator, Espainia intoleranteenetik, zeinak faxista deitzen baitigute gure eskubideak ―zapalduonak, kolonizatuonak― aldarrikatzeagatik, euskaldunok (eta espainiar estatuko gainerako berezko hizkuntzen hiztunak) desagerrarazi nahi gaituzten glotoziden aurrean. Epe laburrean, zeresana emango dute, lege baten proposamena baitute esku artean: Ley de Libertad de Elección Lingüística de ámbito nacional, euskarak (eta espainiar estatuko gainerako berezko hizkuntzek) duen espazio dagoeneko aski mugatua are gehiago murrizteko asmoa duena.
Halako erasoen aurrean dugun babesa ofizialtasuna da. Euskara lege arrotzetatik babestuko badugu, ezinbesteko zaigu euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan. Euskaldunok eta euskalgintzako taldeek horrexetara bideratu behar ditugu gure indarra eta gure ekintzak. Lan handia dugu egiteko, eta desberdinak izan beharko dute Euskal Herri zatitu honetako administrazio bakoitzean gauzatu beharreko dinamikak, baina Euskal Herri osoko ofizialtasunak izan behar du, eskuin-muturraren gorakada bizi dugun garai honetan, euskaldunok batera egin beharreko lehentasunezko bidea.