Euskararen Egun bat izatearen aldarrikapenak antzinakoak dira. Hastapenetan, Errepublikaren garaian, antzerti- eta olerti-egunak, bertsolari-egunak eta antzekoak egiten ziren. Geroago, frankismoaren garaian, Eusko Ikaskuntzak, 1949an, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) izendatu zuten abenduaren 3a, “euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko”. 1995ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, instituzionalizatu egin zuten egun hori EAEn, eta, pixkana-pixkanaka, Euskal Herri osora zabalduz joan da.
Baina zergatik abenduaren 3a...? Eusko Ikaskuntzak Frantzisko Xabier santuaren eguna hautatu zuen Euskararen Nazioarteko Egunerako; izan ere, santu nafarra 1552ko abenduaren 3an hil zen Txinan, misioetan zela, eta, kondairak dioenez, bere azken hitzak —otoitzak— euskaraz egin zituen, bere ama-hizkuntzan. Horixe da ospatzen dugun Euskararen Nazioarteko Egunaren zergatia: Frantzisko Xabier jesuita. Nazioartekoarekin duen lotura da munduan zehar ibili zela (kolonizazio europarrarekin batera kristau-fedea “zabaltzen”); euskararekin duena, berriz, misio haietan zebilela Txinan hil aurreko otoitzak —ustez— euskaraz egin zituela.
Frantzisko Xabier lehen ordenako misiolari jesuita izan zen, Jesusen Lagundiaren talde sortzaileko kideetariko bat eta haren fundatzailearen (Ignazio Loiolakoaren) lankide estua. Txinan hil aurretik, Afrikan eta Asian ibili zen misioetan, kristauen fedea zabaltzen, hamar urtez baino gehiagoz. Jesusen Lagundiko misiolarien sistemaren helburua zen kristautasuna eta bizimodu europarra munduko gainerako zibilizazioetan txertatzea. Horretarako, pertsonen arteko errespetua eta lekuko tradizioak aldarrikatzen zituzten, indigenen zenbait balore kultural kontuan hartuta, betiere ez bazuten fede eta justizia kristauaren oinarriekin talka egiten. Alegia, asimilazio kultural eta erlijiosoa, kolonizazioaren beso armatuei lana errazten ziena. Horren erakusgarri da orduko Aita Santuak Ignazio Loiolakoari buruz idatzitakoa: “Jainkoaren militarra gurutzearen banderaren menpe, eta Jainkoari eta haren emazte Elizari bakarrik zerbitzatu, Erromako Aita Santuaren, Kristoren bikarioaren, menpe”.
Jesusen Lagundiko misiolari jesuita haiek mundu osoko koloniak kristautu nahi izan zituzten. Sarraski izugarrien konplize izan ziren Ignazio Loiolakoa eta haren jarraitzaileak, kolonizatutako lurretako biztanle indigenak derrigortu egin baitzituzten kristautasunaren ikonoak adoratzera, haien gizarteak kristautasunaren moralaren arabera juzgatzera, haien kultura eta bizimodua kristautasunaren ohituretara moldatzera, eta onartzera handik aurrera beti izango zirela bigarren mailako hiritarrak Europako kolonizatzaile zuri supremazisten aurrean. Kolonietan zapalduak zapalduta edukitzeko armarik eraginkor eta bortitzena izan zen erlijio kristaua.
Abenduaren 3a, aurten ere, ospatuko dut, bai. Gure auzoetan (Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala) hainbat ekitaldi izango dira domekan, hilaren 1ean, Palanka euskara-taldeak antolatuak; abenduaren 4an, berriz, Bilbo mailako ospakizuna izango dugu Kafe Antzokian. Ospakizun eta adierazpen publikoen artean, baina, nik, behinik behin, ahopeka esaten jardungo dut abenduaren 3a jesuiten euskararen eguna dela eta beste data bat hautatu behar dugula euskarak behar bezalako errekonozimendua izan dezan, baita nazioartean ere.