Hala ere, herriaren ekinbide zabal eta iraunkorrari esker, euskararen atzerakada historikoa geratzea lortu zen hein batean, eta ondorenean euskara berreskuratzeko oinarriak finkatzen hasi zen gure herria, euskararen aldeko herri mugimenduaren eskutik.
Testuinguru hartan sortu zen Euskal Herrian Euskaraz (EHE), duela 40 urte, 1979ko azaroaren 4an, Hegoaldeko Euskal Autonomia Estatutua onartu eta bi astera. Durangoko Azokan egin zuten lehen agerraldia, «Euskararik gabe, Euskal Herririk ez» lelopean. Euskaldunon komunitatea eta lurraldea aintzat harturik eta Euskal Herri euskalduna helburu, EHEko kideek azaldu zuten ezen aldarrikatzailea eta borrokatzailea izango zela elkartearen izaera. Hilabete beranduago, 1979ko abenduaren 12an, jendaurreko lehen ekintza burutu zuen EHEk: 45 lagunek itxialdia egin zuten Euskal Kontseilu Nagusiaren egoitzan (frankismoaren ostean Eusko Jaurlaritza sortu bitarteko instituzioan), erakunde ofizialetan euskarak jasaten zuen bazterkeria salatzeko. Esan dezakegu, Iñaki Arrutik dioen bezala (BAT aldizkaria, 1995), “udalerrietako euskararen aldeko mugimendu sozial egituratua 1979. urtean hasten dela EHE taldeekin”.
Hasierako urteetako ekintzak aktibismo hutsa ziren: itxialdiak, errotulazio-ezabaketak, euskararen aldeko manifestazioak eta kanpainak. Hala ere, 1981eko maiatzeko agiri batean, EHEk helburu zehatzago bat aldarrikatu zuen: “Euskararen erabilpenaren dinamika bat sortzea”, eta horretarako eragin-esparru nagusiak irakaskuntza, administrazioa, komunikabideak eta zerbitzu publikoak izango ziren. Ondorengo urteetan, herrietako EHE taldeek udalei eta alderdi politikoei zuzendu zizkieten beren eskaerak, «Euskara benetan Gure Udaletan» kanpainaren barnean. Taldeon inguruan, herrietako talde autonomoak ere lotu ziren, udal mailako lan jakinei lotuago zeudenak. Mugimendu hori guztia Hegoaldean gertatu zen.
EHEren ibilbidean, ofizialtasuna zutabe nagusietariko bat izan da beti, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko ezinbesteko neurri gisa. EHEk nahitaezkotzat jo izan du beti euskararentzat estatus legal bakarra lortzea, euskararen normalizazio osoa erdiesteko. 1980an, Bilbon, 10.000 lagun inguruk aldarrikatu zuten euskara ofiziala. Eskaera hark jarraipena izan zuen, eta 2003an 5.000 lagun inguru batu zituen Iruñean EHEk, han ere euskararen ofizialtasun osoa aldarrikatzeko. Ondoren egin ziren askotariko ekimenen artean, nabarmena izan zen Euskal Herria herriz herri zeharkatu zuen martxa, Baionan hasi eta Bilbon manifestazio jendetsu batez amaitu zena, «Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat: ofizialtasuna» lelopean. Gasteizen ere egin zen manifestazio jendetsu bat, eta, halaber, gogoan izatekoak dira 2002an euskalgintzako eragile ugarirekin antolatu ziren giza kateak, Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioetatik etorritako euskaltzaleak Behobiako Pausuan bilduz.
40 urte igaro dira EHE sortu zenetik, eta eskari, aldarrikapen, kanpaina eta protesta ugari egin dira harrezkero. Hala ere, EHEren 1979ko azaroaren 4ko aurkezpen-manifestua irakurtzen badugu, berretsiko dugu aldarrikapen askok erabateko gaurkotasuna dutela. Diglosia-egoeraren salaketa da haietariko bat; izan ere, EHEk hasiera-hasieratik salatu du sinetsarazi nahi diguten elebitasun sozial orekatua faltsua dela eta diglosia-egoeraren mozorroa besterik ez dela. Desoreka-egoera larria da diglosia, eta euskara galbidera eraman dezake horrek. Oraindik, gaur egun ere, gure gizarteko sektore askok ukatu egiten dute euskararen diglosia-egoeraren beraren existentzia, bestela euskararen aldeko ekintza positiboak onartu beharko bailituzkete. Are okerrago, sektore oldarkorrenek erdeinatu egiten dute euskara, eta ozarkeriaz esaten dute ez duela ezertarako balio eta desagerrarazi beharra dagoela, diskriminatuta sentitzen baitira euskara jakitea eskatzen zaienean. Haietariko asko ez daude prest euskara ikasteko, eta ez dute nahi euren ondorengoek ere eskoletan ikas dezaten. Supremazismo kolonialaren ondorioa da hori.
Gogorra da, oraindik ere, euskararen kontrako indarren erresistentzia. Pentsamendu neoliberalak kalte handia egin digu, eta “euskara ezin da inposatu” moduko esaldiei aurre egin ezinik geratu gara. Kostatu egiten zaigu arrazoitzea ez dela inposizio-kontu bat, berreskuratze-prozesu bat baizik, eta antzua dela indibidualtasunei buruz hitz egitea hiztun-komunitate bati, hizkuntza baten berezko lurraldeari eta hizkuntza-eskubideei buruz ari garenean. Ahalduntzea falta zaigu.
EHEk 40 urte bete berri ditu, baina ez du amore ematen. Orain, urteurrenaren ospakizuna prestatzea tokatzen da, militante diren eta izan diren guztientzat antolatutako ospakizuna, merezi-merezia. Baina, ospakizunaren ondoren, ez zalantzarik egin euskaldunon ahalduntzea izango dugula berriro helburu, euskara berreskuratuz euskararen herria deskolonizatzeko.