¡Muerte al euskera!

Horixe argitaratu zen Bilbon, La lucha de clases aldizkari sozialistan, 1899an: «Muerte al euskera! Nosotros lo decimos como lo sentimos:

quisiéramos un gobierno que prohibiese los juegos florales, donde se ensalzan las costumbres de una región en detrimento de otras, que no permitiera la literatura regionalista y que acabara con todos los dialectos y todas las lenguas diferentes a la nacional, que son causa de que hombres de un país se miren como enemigos y no como hermanos». Nazionalista espainiarrak, mendeetan zehar saiatu bai baina lortu ezin zuten kolonizazio-prozesuari amaiera eman nahian. 

Mende bat pasatu da idatzi harez gero, baina, gaur egun ere, Espainiako ezkerreko alderdi progreak ez daude euskarari gaztelaniaren estatus bera aitortu eta emateko prest. Urtarrilean, ikusi genuen Podemos Euskadirentzat bigarren mailakoa dela EAEko lehendakariak euskaraz jakitea. Euskal gizartean eztabaida sortu zen gai horren inguruan, batez ere askok espero genuelako alderdi aurrerakoi batek, gaur egun, bestelako jarrera bat izatea hegemonikoa ez den hizkuntza batekiko. Are gehiago, eztabaidaren mamia zeharo desitxuratu zen, eta arrazista deitu ziguten euskaldunon hizkuntza-eskubideak erdigunean jarri nahi izan genuenoi. Astebetera, Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak Vocento komunikazio-talde espainiarreko egunkari batean argitaratutako artikulu baten bidez esan zuenez, «Es claro que las lenguas que hablamos en Euskadi y nuestra propia lengua nos hacen comunidad. Pero este no es el único elemento ni el que siempre está en un lugar central». Alegia, euskararen gaiari heltzea bigarren mailakoa iruditzen zaio Podemos Euskadiri. Espainiarzaleentzat, beti dago zerbait garrantzitsuagoa euskarari heltzea baino, horren ondorioz ezkerreko gainerako lanketa guztiak albo batera utzi beharko balira bezala. Maiz entzuten dugu argudio hori euskararen kontrakoen ahotik.

Aste honetan bertan, Espainiako beste alderdi aurrerakoi edo progre bateko ministro batek (PSOEko Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak) esan duenez, «euskarak ez du lanpostu publiko baterako derrigorra izan behar», Espainiako gobernuak aurreikusia omen du akzio-plan bat lantzea hizkuntza-aberastasuna bultzatzeko, «baina betiere funtzio publikorako meritu gisa hartuta». Hots, atzerriko hizkuntzak jakitearen pare jartzen dute euskara. PSOEko buruzagi askok egin dituzte adierazpen euskarafoboak; oso deigarria izan zen, adibidez, Fernando Buesak, 1993an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua zela, esan zuena: «el euskera es una lengua que sirve para andar por casa y solo entre ese 30 % que es euskaldun». Esaldi horrek nahiko garbi uzten du zer nahi duen PSOEk euskararentzat; alegia, euskaldunoi gogoraraztea zein den euskararen lekua: etxe barruko hizkuntza izatea, eremu pribatukoa. 

Azkenaldian, kezka handiz hartu dugu euskal herritarrok eskuin-muturra Espainiako gobernura iristea, horrek euskararentzat eta euskaldunontzat ere aro berri zailago bat ireki baitezake, baina Espainiako gobernura iritsi diren alderdi aurrerakoiek ere ez digute utziko berezko hizkuntzak hizkuntza kolonizatzaileen maila berean jartzen. Gobernuan batzuk ala beste batzuk egon, espainiera eta frantsesa derrigorrezkoak dira beti, eta, kasurik onenean, euskara hautazkoa izango da. Estatu kolonizatzaileen alderdiak, ezkerrekoak izan, eskuinekoan izan, ados daude euskarari eman behar zaion lekua zein den: eremu pribatua, etxe barrua, bigarren lerroa. Arazoa estrukturala da. 

Euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko, behar-beharrezkoa dugu euskararen kontrako jarrerak eta erasoak errotik erauztea. Euskarak ekintza positiboak eta lehentasunezko politikak behar ditu, baina hori ez dute egingo, ez Frantziako alderdiek, ez Espainiakoek, ezkerrekoak izanik ere. Independentziak bermatuko digu euskararen aldeko politika burujabeak sortu ahal izatea, eta, hala ere, ez da erraza izango euskara berreskuratzea, globalizazioak eta teknologiaren hizkuntzek erabat baldintzatuko baitituzte euskara bezalako eremu txikiko hizkuntzak. Bidea prestatzen hasi behar dugu, berandu baino lehen.