Agerian geratu da euskararen erabileraren arazoa egiturazkoa dela. Izan ere, gobernu-administrazioen funtzionamendua eta edukien ekoizpena erdaraz da, eta, kasurik onenean, euskarara itzultzen dira, euskaldunak pozik (eta lasai) uzteko eta hizkuntza-eskubideak behar bezala bermatzen direla erakusteko. Azkar jokatu behar denean, baina, ez dago itzultzeko astirik, eta, EUDELek bidalitako mezuak bezalakoak iristen dira: «Presazko izaera duelako, dokumentazio hori bakarrik gaztelaniaz aurreratzen da. Euskarazko bertsioa datorren astean bidaliko da». Euskaraz sortu izan balitz, ez zen halakorik gertatuko.
Giza eskubideen behatoki izatea helburu duen Europako Kontseilua (EK) berehala ohartu zen alarma-egoeran hizkuntza gutxiagotuek jasango zuten bazterketaz, eta, itxialdiak hasi eta berehala (martxoaren amaieran), EK-ko adituen batzordeak ohar baten bidez jakinarazi zien estatu-kideei oso garrantzitsua dela, hiztunen ongizaterako, estatuen gomendioak hizkuntza ez-ofizialetan ere komunikatzea. Frantziako eta Espainiako estatuek ez ikusi egin diote gomendioari.
Euskal Herrian ez daukagu osasun-sailburu euskaldunik. Iparraldean, eduki ere ez daukate osasun-sailbururik, osasungintza gobernu zentralaren eskumena baita (Ipar EHko Herri Elkargoak ez du osasun-eskumenik). Nafarroan, PSNk proposatutako Santos Indurain Orduna osasun-sailburuak erdara hutsean egin ditu agerraldi publikoak. EAEn, PNVko Miren Nekane Murga Eizagaechevarria osasun-sailburuaren telebistako agerraldiak nagusiki erdaraz izan dira hedabideetan; hiruzpalau esaldi lekukotasunezko irakurtzen zituen euskaraz, gero ETBko euskarazko albistegian erabil zitezen. ETB1en, gainera, Murgaren azalpen ugari agertu dira gaztelaniaz, eta sare sozialetan jende asko agertu da kexu; alde batetik, bazirudielako ez zekiela zer zioen ere euskaraz irakurtzen ari zenean, eta, bestetik, zeinu-hizkuntzako interprete bat jarri zutelako, baina ez euskarazkorik. Kexa eta artikulu ugari idatzi dira ETB1ek euskararekin izan duen jarrera dela-eta, eta, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kexa formal bat jarrita, zer erantzun du ETBk...? “Lehentasuna informazioak du”. Et, et, et... espainolak du lehentasuna.
Sailburuen agerraldien harira, beste eztabaida bat ere azaleratu zen sare sozialetan: «zer nahiago duzu, sailburu ona ala euskalduna...?» Tarteka-marteka agertzen da galdera hori, eskuarki osasun-arloarekin lotua (medikuaren kasua topiko bat da), eta helburu garbia du: euskararen erabilgarritasuna zalantzan jartzea. Ikuspuntu objektibo batetik, sailburu (eta, oro har, profesional) ona izateak lotura zuzena du lanpostu horretarako behar diren gaitasunekin; alegia lanpostu baten zereginen artean hiritarrekin komunikatu beharra baldin badago, lanpostu hori betetzen duenak lurralde horretako berezko hizkuntza jakin beharko du bere zereginak behar bezala betetzeko. Sailburuaren kasuan, beraz, informazioa hiritarroi helarazteko agerpen publikoak egin behar baditu, euskaraz ere egin beharko du, bere komunikazio-zeregina bete dezan. Hortaz, bi terminoak ez dira baztertzaileak; aitzitik, euskara jakin beharra dago, Euskal Herrian sailburu-lanpostuaren zereginak betetzeko.
Profesional onaren eta euskaldunaren artean aukeraraztea tranpa da, erantzuna edozein delarik ere txarra izango baita beti, eta horrexegatik bueltatzen da galdera hori behin eta berriro jende artera. Baina onena, horrelako testuinguru batean gertatuz gero, galderari buelta ematea da: “eta sailburu ona al da euskaraz ez dakiena...?”